Abian da Gasteizko Enebada galerian neguko arte azoka

Erredakzioa 2017ko abe. 4a, 10:29

Arte garaikidea sustatzea helburu du ekimen berriak.

Enebada galeriak eta ARTgia sorguneak elkarlanean azoka berria inauguratu dute Gasteizen: Neguko arte azoka. Abenduaren 15a bitartean, Zaramaga auzoko Enebadan egongo da ikusgai.

Arabako artisten erakusleiho izateko  eta artearen salerosketa sustatzeko helburuekin jaio da erakusketa berria: "Sortzaile plastikoentzako behar beharrezkoa zen azoka sortu du", azpimarratu du Kristina Urizarbarrena koordinatzaileak.

Ekimenaren jatorriaren inguruan honakoa azaldu du ARTgiako arduradun Irantzu Lekue arduradunak: "Ideia duela hilabete batzuk bururatu zitzaigun baina zokoratua izan genuen Eduardo Urra ezagutu genuen arte. Bera da Enebada arte galeriako arduraduna eta gure artean sinergiak sortu ziren, biok Gasteizko auzoetan, erdialdetik at dauden arte galeriak ditugulako eta polita iruditu zitzaigun, Gabonei begira, baina etorkizunari begira, bereziki, horrelako ekimen bat bideratzea". Handik gutxira, Kristina Urizarbarrena agertu zen antzeko proposamenarekin, eta indarrak batuta, proiektua martxan jartzea erabaki zuten.

Esan bezala, abenduaren 15era arte egongo dira artelanak Enebadan ikusgai. Jarraian, Jundimendiko ARTgiara egingo dute salto; hain justu ere, urtarrilaren 20ra arte egongo da bertan esandako erakusketa. 

16 artista

Denera, 16 dira egitasmoan parte hartzen duten ibilbide ezberdineko artistak: Tania Guper, Eloisa Montoya, Ines Gonzalez de Zarate, Kristina Urizarbarrena Kruzart, Irantzu Lekue, Txaro Arrazola, Txaro Marañon, Ana Merino, Ana Gandia, Ander Martínez, Katxarrismos, David Tavarés Burugabe, Palet Jauna, Ernesto Knorr, Eduardo Alsasua edo Nerea Lekuona.

Erakusketan tamaina eta prezio ezberdinetako margolaritza, eskultura, instalazio eta ilustrazio artelanak daude. Horren harira, honakoa azpimarratu nahi izan dute neguko arte azokako sustatzaileek: "Tamaina eta prezio ezberdinekin helburuetako bat ere badelako poltsiko guztiek pagatu ditzaketen artelanak saltzea, artea auzo eta etxe guztietan sarrera izan dezan".

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide