Argia eta beroa eman dizkiote euskarari Gasteizen, Euskararen Egunaren ospakizunean. Mila kandela baino gehiagorekin, 'Euskaraldia' hitza piztu dute Arkupeetan (bertan egin baitute ekitaldia elurra dela eta, eta ez Andre Maria Zuriaren plazan, aurreikusi bezala).
Gasteizko euskaltzaleen GEU elkarteko Naroa Cuestaren hitzetan, "pozgarria izan da Euskaraldiaren lehenengo txinpartak pizten hastea". Azaldu duenez, euskaldunak aktibatzeko ekimena da Euskaraldia, Topaguneak bultzatuta, eta urtebete barru izango da egitasmoaren muina, 11 egun euskaraz lelopean. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean, euskaraz hitz egiteko gai diren euskaldunak ahobizi izateko aukera izango dute, eta, oraindik ahoz moldatu ez arren, ulertu egiten dutenak eta entzuteko jarrera dutenak, belarriprest. Euskal Herri osoko ekimena da, eta Araban hainbat elkarte eta euskaltzale hasi dira dagoeneko hori mugitzen.
Kandelen mosaikoa behin amaituta, kalejira egin dute ehun lagunek baino gehiagok Arkupeetatik abiatuta, Kutxi kaletik igaro eta Oihaneder Euskararen Etxeraino. Bertan, ALEA aldizkariz egindako Erronken zuhaitza inauguratu dute, euskararekin lotutako desirak, proposamenak, aldarrikapenak eta erronkak zintzilikatu eta gainontzeko euskaldun eta euskaltzaleekin konpartitzeko. Hamaika pertsona igo dira oholtzara bere erronka irakurri eta, letra banari eutsita, Euskaraldia hitza osatzeko.
Datozen egunetan ere jarduera ugari antolatu dituzte hainbat eragilek. Horiez gain, urte osoan zehar antolatutako euskarazko ekintzak iragartzen ditu Euskararen agendak.