Bost geltoki berri izango ditu tranbiaren Salbururako luzapenak

Esti Lanao 2017ko abe. 1a, 14:54

Ibilbideak 2'5 kilometroko luzera izango du, eta Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoak erdigunearekin, hegoaldearekin eta iparraldearein elkartuko ditu. Era berean, 142 aparkaleku desagertuko dira.

Gaur aurkeztu du Gasteizko Udalak Salburura iritsiko den tranbiaren informazio-azterlana. Linearen luzapenari esker, Judimendi, Santa Luzia eta Salburua auzoen eta hiriaren erdialdearen, hegoaldearen eta iparraldearen arteko konexioa hobetuko da. Datozen asteetan, auzokoei informazio-bileretara deituko zaie, proiektuaren berri emateko. 

Ibilbide berriak bost geltoki izango ditu, 2'5 kilometroko luzeran zehar, eta Salburua Bulebarraren eta Joan Karlos I.aren hiribidearen bidegurutzeraino iritsiko da; zehazki, hezeguneko parkearen sarreraraino. Horrez gain, bost geltokien kokapenak TUVISAko lineekin erraz konektatzea ahalbidetuko du, eta Florida kaleko bidegorria luzatzea eta Jacinto Benavente kaletik doanarekin lotzea aurreikusi du Udalak.

Orotara, 142 leku galduko dira, baina zeharkako aparkalekuekin ordezkatuko direla adierazi du Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura eta Garraio sailburuorde Antonio Aizek.

Ibilbidea

Trenbidea galtzadaren albo batetik joango da, eta 2.450 metro luze izango ditu. Florida kaleko geltokitik abiatuko da, eta Jacinto Benavente kalearekin duen bidegurutzea igaro ondoren, lehen geltokira iritsiko da: Santa Luzia. Ondoren, Iliada Ibilbidetik joango da, Salburuko gizarte etxearen aurrean egongo den bigarren geltokira heldu arte. Salburua Bulebarrean barrena kokatuko dute beste geltoki bat, Nikosia kalean, Valetta kalearekiko bidegurutzearen ondotik. Batasuna plazaren aurretik egongo da hurrengo geltokia, eta Salburua Bulebarretik jarraituko du azken geltokiraino: Joan Karlos I.aren hiribidea, Salburuko parkeko sarreraren ondoan. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide