Asteazkena. Gaur ere Orient Express tabernara heldu naiz arratsaldeko 20:30ak direnean. Hilabete neraman hemendik pasa gabe. Gazte talde bat daukat aurrean, eta kristaletik barrura jakin-minez begiratzen duten auzokide batzuk atzean. Sartu dira azkenean. Gitarra doinuekin batera hasi da musika. Hasi dira gazteak abesten, kantutegia esku batean eta eztarria freskatzeko tragoa bestean:
"Hegoak ebaki banizkio..."
Baina ez horregatik pentsa kanta zaharrak soilik dituztenik gustuko. Rap, reggae edo metal doinuak ere xuxurlatu izan dizkidate euskaraz. Hizkuntza berdez bakarrik ulertzen den mundu honetan, esperantzaren zain egon gabe oraina beltzez, horiz eta beste hainbat kolorez kantatzen dute.
“Uuuuuu, kolore guztiak…"
Behin gorria eta horia nahasten ere ausartu ziren, Auzoa Kantari egun batez Canta El Barri bihurtuz. Koloreak, aldarriak eta borrokak elkarrekin gurutzatzen direlako. Gazte hauek ez dute isolamendua gustuko.
Egon izan naiz jendez betetako kontzertu erraldoietan, baina hitz handien aurrean nahiago eguneroko ekintza txikiak. Horrek ekarri du aurrean ditudan aurpegietako asko dagoeneko ezagunak egitea. Gerora ezagun bilakatuko diren aurpegi berriekin batera.
*Zizta euskara taldeak hilabetean behin Auzoa Kantari ekimena antolatzen du Txagorritxuko taberna batean, artista desberdinen laguntzaz, elkartu eta euskal kantu zahar eta berriak abestuz gozatzeko.
Hilabetero taberna honetan biltzen direnen bozgorailu sentitzen naiz, dakidan arren saioa amaitzerakoan ni iluntasunean eta isiltasunean geldituko naizela. Hala ere lasai noa hibernatzera, badakidalako parean dudan jendeak egunero kantari jarraituko duela ni gabe ere.
Bah, ez kasurik egin. Hori nik nahiko nukeena da. Mezulari bat besterik ez naiz. Hilabete kutxa batean gordeta pasatzen duen mikro zaharra.