Xabi Valdor eta Ander Martinez de Agirre gasteiztarrak absolbitu dituztela jakinarazi du Eleak mugimenduak, ohar baten bitartez. Bost edukiontzi erretzea leporatuta epaitu zituzten gazteak; lau urte eta sei hilabete arteko espetxe zigorra eta 3.000 eurotik gorako isuna eskatzen zuten haientzat.
Poza adierazi du Eleak mugimenduak, eta elkartasuna helarazi die: "Bi gazte hauek gazte izate hutsagatik atxilotu zituzten, edozein gazteri gerta lekiokeen moduan, eta gazte izate hutsagatik babesgabe utzi zituen prozesu judizial bati egin behar izan diote aurre". Haien eskubide zibil eta politikoak urratuak izan direla salatu du Eleakek. "Ezin dugu ahaztu eta salatu gabe utzi".