Badator Ardoaraba, aurten sagar-zukuarekin ere

Erredakzioa 2017ko abe. 5a, 18:16

Abenduaren 6tik 10era, hiru karpa eta tabernen ibilbidea eskainiko ditu Ardoarabak

Prest dago Ardoarabaren hamabigarren edizioa, Gasteiz On merkatari-elkarteak antolatuta. 

Abenduaren 6tik 10era,hiru karpa egongo dira irekita asteazkenetik larunbatera, eta igandera arte tabernen ibilbidea egiteko aukera egongo da ere. 28 txartel dituen txeketegiaren prezioa 13 euro da, iaz bezala.

Probintzia, Aihotz eta Foru plazetan egongo dira karpak, eta goiz eta arratsaldez irekiko dituzte (12:30etik 15:00etara zein 19:00etatik 22:30era); ostegunean, berriz, arratsaldez bakarrik. Orobat, hiru informazio-etxola jarriko dira San Frantzisko aldapan, Urrezko Zeledonen plazan eta Bastiturri kalean. Era berean,  umeentzako gunea egongo da Andre Maria Zuriaren plazan, ludoteka, jauziak eta tren batekin. 

Gainera,  ‘txoko gastronomikoak’ leku berezia izango du; azken bi urteetako arrakasta ikusirik, berriro Foru plazako pilotalekuaren ondoan jarriko da, eta kalitateko euskal produktuak ezagutarazteko funtzio didaktikoa indartuko du. Goizean umeentzako jarduerak antolatu dira, sukaldean lehen urratsak ematen ikas dezaten era atsegin eta interaktiboan. Arratsaldean, hiriko sukaldariek jatekoa eta edatekoa uztartzen dituzten dastatzeak eskainiko dituzte, produktuak alderatzeko dastatzeak egingo dira, ardoak aurkeztuko eta pintxoak egingo, eta sukaldaritza erakustaldiak ere izango dira.

Ardoarabaren aurkezpen-prentsaurrekoa, Gasteizko Udalean. 

 

52 ekoizle

Hartara, Ardoarabak bultzada emango dio Gasteizi, Arabako Errioxari eta Arabako txakolinari esker mahastizaintza eta ardogintzari dagokienez pribilegiatua den lurralde baten hiriburu gisa. Izan ere, aurten 52 ekoizle bilduko dira bertan: Arabako Errioxako ardoen eta Arabako txakolinen 17, Arabako sagardoaren lau, bi jatorri-deitura gonbidatu, bestelako ardoa eta likoreen sei saltoki, eta produktu autoktonoen 14.

Karpetan, 31 upeltegik dastatzeak eskaintzen dituzten beste 10 ekoizlerekin partekatuko dute espazioa, eta Arabako Sagardogileen Elkarteak sagar zukua ekarriko du lehen aldiz, umeentzat eta alkoholik edaten ez dutenentzat.

Berritasun gisa, karpa bakoitzean bertan dauden upeltegiei buruzko informazioa eskainiko dute: ardoak, uztak eta gainerako informazio interesgarria. Ardogile eta ekoizleei erostera animatzen direnentzat, Gasteiz Onek etxera eramateko doako zerbitzua eskainiko du hiri barruan.

Tabernen ibilbidea

Edizio honetan, 82 ostalaritza establezimenduk hartuko dute parte tabernen ibilbidean, eta 124 proposamen gastronomiko eskainiko dituzte. Betiko pintxo eta menu bereziei kazolatxoak batuko zaizkie lehenengo aldiz. Hartara, 2017ko Ardoaraba  238 proposamen gastronomikoetaraino iritsiko da.

Liburuxka bat argitaratuko dute, parte hartzen duten tabernen eta eskaintzen zerrendarekin.

Ardoarabaren antolatzaileak jarduera berriak prestatzen ari dira, datozen egunetan ezagutzera emango dituztenak.

Hiriko  saltokiek ere bat egiten dute bost egunez bertako aisialdiaren ardatza izango den jarduerarekin, hainbat eskaintza  eginez: ia 400 establezimendutan, 20 eurotik gorako erosketengatik txartelak banatzen ari dira joan den astetik, 20 txeketegiren zozketarako; informazio-etxoletan abenduaren 4tik 9ra arte egindako erosketen txartela aurkeztuta, euroko deskontua egingo dute txeketegia erostean, eta deskontuak eskainiko dituzte Andre Maria Zuriaren plazako umeentzako gunerako.

Esperientzia eta argazkiak sare sozialetan #momentosardoaraba traola baliatuz partekatzera animatzen direnak  Urteko upeltegia zozketan sartuko dira, eta Ardoaraban parte hartzen duen ardogile bakoitzeko bi ardo botila irabazi ahalko  dute. Gainera, txeketegiko kupoi ebakigarria betez, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen barruko upeltegietan bisitak eta dastatzeak egiteko sei txarteletako bat irabazi ahalko dute.

Ordutegi, upeltegi, establezimendu eta abarrei buruzko informazio guztia www.ardoaraba.com web-orrian eskura daiteke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago