Jakina da: kartzelak gizonek gizonak zigortzeko diseinatutako esparruak dira, eta bertan emakumeak behartuak izaten dira soberan geratzen diren espazioetan bizitzera. Espazio horiek, gehienetan, txikiegiak dira eta ez daude egokituta eguneroko bizitza arrunt bat egiteko. Hori gutxi balitz, kartzelak zuzentzen eta arautzen dituen sistema heteropatriarkalak emakumeak bigarren mailako herritartzat eta berriro hezi behar diren pertsonatzat hartzen ohi ditu, sistemak inposatutako emakume onaren rola betetzen jakin ez dutelako.
Zigor bikoitza jasotzen dute, emakumeak izateagatik eta leporatu zaizkien delituengatik. Gutxiesten dituzte, bortizki tratatu, iraindu, egunero era guztietako bortizkeriak pairatu behar dituzte… Egoera larriagotu egiten da emakumeak rol matxistak betetzearen kontra altxatzen direnean.
Euskal preso politikoen kolektiboko emakumeak, preso politikoak eta emakumeak izateagatik, indarkeria horiek guztiak eta gehiago jasaten dituzte: sakabanaketa, FIES erregimena, komunikazio-kontrola, isolamendua... ere ezartzen baitzaizkie. Eta isolamenduan dira duela hilabete luze Agurtzane Delgado eta Ainhoa Mujika euskal preso politikoak, Granadako espetxeko zuzendariaren agindu matxistei uko egiteagatik. Zuzendariak komunak garbitzera behartu nahi izan zituen, haren ustetan emakumeek horretarako bakarrik balio ei dutelako. Emakumeek uko egin zioten aginduari, eta ordutik zigortuta daude, isolamenduan.
Granadako espetxean giltzaperatuta gauden euskal preso politikook denbora luze daramagu egoerari irtenbidea emateko saiatzen, eta espetxeko zuzendariarekin elkarrizketatzen saiatu gara, baina zuzendariak ez du azaldu bere erabakia aldatzeko asmorik. Egoera ikusita, gure protesta adierazteko hainbat neurri hartu behar izan ditugu, eta era berean eskaera egin nahi diegu gure herrikideei, kaletik ere elkartasuna adierazteko, protesta adierazteko, egoera alda dadin. Horretarako bideratu diren ekimen ezberdinetan parte hartzeko eskatu nahi dizuet.