Badator aurtengo Kantari Gasteiz, haur eta gazteentzako euskazko karaokearen bigarren edizioa. Aurten, hitzordua bikoitza izango da, izan ere, azaroaren 25ean (larunbata) eta 26an (igandea) grabatuko dira saio guztiak, Vital Kutxa Fundazioaren aretoan, Dendaraban (gonbidapenak parte-hartzaileen artean banatu dira).
Bertaratzen ez direnek, ordea, saio guztiak zuzenean ikusteko aukera izango dute, alea.eus webgunean. Era berean, saioak grabatu eta hurrengo egunetan, talde guztien argazkiak eta bideoak argitaratuko dira webgunean.
Aurten, hamalau ikastetxeko 300 ume inguruk parte hartuko dute Kantarin, 7 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek, hain zuzen. Guztira, 72 talde osatu dira, eta hamabi saio grabatuko dituzte.
Kantari ezagutzeko zenbait datu
Kantariren helburua neska-mutikoek euskal kantuak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea da. Ez du inolako lehiaketa kutsurik eta, hortaz, ez da irabazle eta galtzailerik izango. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.
Talde bakoitzari dagokion abestia zozketa bidez erabakiko da eta talde bakoitzari ikuskizuna prestatu ahal izateko materiala aldez aurretik bidaliko zaie: hain zuzen, kantuaren audioa, ikasi behar dituzten letrak eta baita koreografia behar bezala egin ahal izateko bideoak ere.
Kantari Gasteiz Euskararen Astearen inguruko ekimena da; Gasteizko Udalak eta Vital Kutxa Fundazioak diruz lagundutako egitasmoa da.