Gizon bat atxilotu dute, emakume bati erasotzea egotzita

Erredakzioa 2017ko aza. 20a, 09:41

Eraso matxista Santa Barbara plazan gertatu zen igande goizean. Gertaera gaitzesteko elkarretaratzea deitu dute biharko. 

Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen igande goizean, emakume bati eraso sexista egitea egotzita. Ustezko erasoa igande goizeko lehen orduan gertatu zen, Santa Barbara plazan. Goizeko zazpiak inguru, gizon batek neska bati eraso egin zion; emakume gaztearen oihuek handik gertu zeuden pertsonak ohartarazi zituzten, eta erasotzaileak alde egin zuen.

Emakumeak Udaltzaingoa deitu zuen, eta gutxira, ustezko erasotzailea atxilotu zuen, Santiago kaletik gertu. Orain, Ertzaintzaren esku dago, eta datozen orduetan eramango dute epailearen aurrean. 

Erasoa gaitzesteko deialdia

Azken eraso sexistaren aurrean, Gasteizko Udalak gertaera gaitzetsi du, eta biktimari eta haren inguruari laguntza osoa eskaini dio. Era berean, hamabost minutuko elkarretaratzea deitu du biharko, 12:00etan, Plaza Berrian, Vitoria-Gasteiz: eraso matxisten aurka lelopean.

Horrekin batera, udalaj bat egiten du mugimendu feministak dei egindako gaitzespen-ekintza guztiekin, eta gonbitea luzatu die herritar guztiei horietan parte hartzeko.

 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.



ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide