Gasteizko Udalak argibide dosierra irekiko die sei udaltzaini, azken asteetan jarritako salaketen "gehiegizko, arrazoigabeko eta neurrigabeko" hazkundea dela eta. Agente gehienek "zintzotasunez eta profesionaltasunez" lan egiten jarraitu dutela azaldu dute, baina agenteen % 8-10 batek jarritako salaketa-kopurua esponentzialki handitu dela. "Horrek ondorioak izango zituela ohartarazi genuen. Sei agente horiek hazkundea azaldu beharko dute. Ez nago batere ados jokabide horiekin, legez kanpokoak eta abusuzkoak direlako, eta herritarrak bidegabe ordaintzen ari direlako", azaldu du Gorka Urtaran alkateak prentsaurrekoan.
Halaber, udaltzainek mahai gainean jarritako eskaera nagusiei erantzuteko udal gobernuak proposatu dituen ekintzak gogorarazi ditu Urtaranek. Langile faltari dagokionez, alkateak adierazi du bat datorrela diagnostikoarekin, "aurreko agintaldian PPk ez zuelako LEPik deitu, eta udaltzainen kopurua 28an murriztu zelako”. Urtaranen gobernuak LEP bat deitu zuen 2016an, eta laster beste bat egingo duela azaldu du; horretaz gain, agente gabezia arintzeko berehalako zenbait neurri eskaini dizkio Udaltzaingoari: aldi baterako 15 agente kontratatzea, eta zerbitzu batzuk —Floridako Jaiotzaren zaintza, esaterako— segurtasun pribatuz ematea.
Soldata eskaerari dagokiolarok, berriz, Urtaranen gobernuak legeak baimendutako gehienezko hazkundea eskaini du 2018rako (+% 1,5). "Badirudi gauza garrantzitsu bakarra soldata osagarria onartu dezagun dela. Erantzukizunez eta ikuspegi zabalez joka dezaten eskatzen diet”, azaldu du alkateak.