Bueltan da hizkuntza eszeniko berrien inTACTO jaialdia. Aurten zazpigarren edizioa ospatuko du festibalak, beti bezala, Artium museoan, eta gaur eguneko eszena garaikidea garatzen eragin handia izaten ari diren hamar artista eta konpainiaren lanak eskainiko ditu.
Tartean, Eva Guerrero konpainiaren El fin de las cosas lana izango da ikusgai. Jaialdiaren sustatzailea den Iara Solanok ere Party dantza-ikuskizuna eskainiko du. Orotara, bederatzi ikuskizun eskainiko dituzte Artiumen, eta dantza izango da protagonista nagusia.
Abonamenduak eta sarrerak
Abonamenduak eta sarrerak Artiumen online (www.artium.org web orrian) eta museoko leihatiletan eskuratu daitezke. Hiru egunerako abonamenduak 25 euro balio du; Artiumeko programazioa osatzen duten bederatzi ikuskizunez gain, museoan dauden erakusketak ikusteko aukera emango du asteburuan. Egun bakarrerako sarrerak, berriz, 12 euro balio du, eta hiru ikuskizun ikusteaz gain egun horretan erakusketak ikusteko aukera emango du. David Espinosak Zas Espazioan jarritako instalazioa doan ikusi ahal izango da.