Iaz lehen aldiz antolatutako jardunaldien "harrera ona" ikusita, presoen eskubideei buruz aritzeko bigarren topaketak antolatu ditu Sare mugimenduak, azaroaren 21etik 23ra. Lehenengo bi saioak Goiurin izango dira, eta, hirugarrena, Europa jauregian.
Jendartea, espetxe-politikaren aldaketarako motorra. Hori izango da, zehazki, aurtengo jardunaldien leloa. Zehaztu dutenez, egungo kartzela-politikak "giza-eskubideak urratzen ditu", eta, "hori aldatzeko, jendarteak izan dezakeen indarra sustatu" nahi dute, Blanka Mratinez de San Vicente kidearen hitzetan.
Egun bakoitzean gai bana mahai-gaineratuko dute. Lehena, Komunikabideak eta elkarbizitza agertoki berrian (azaroak 21, asteartea). Horri buruz aritzeko, hainbat hizlari gonbidatu dituzte: Edurne Portela, idazlea; Luis Aizpeolea, El Paiseko kazetaria; Iñaki Soto, Garako zuzendaria; eta Laura Mintegi, idazlea eta EHUko irakaslea. Dinamizazio lanetan, Naiz.eus atariko kazetari Ion Telleria arituko da.
Bigarren saioan (hilak 22, asteazkena), presoen seme-alabak izango dituzte mintzagai, "modu bereziki gordinean dispertsioa jasaten duten haurren egoera ezagutzeko". Horretarako, Motxiladun umeak dokumentala proiektatuko dute, eta ondoren solasaldia egingo dute. Lau lagun gonbidatu dituzte solas-mahaira: Kontxi Ibarreta, Izar Majarenas umearen amona; Peru del Hoyo, aita espetxean hil zaiona; eta Maite Diaz de Heredia preso ohia, kartzelan ama izandakoa. Moderazio-lanak Belen Arrondok egingo ditu, irakaslea eta EH Bilduko biltzarkide ohia.
Bakearen artisauak
Hiritarren ekarpenean sakonduko dute azken saioan (azaroaren 23an, osteguna), honako leloari helduta: Bakearen artisauak: gizarte zibila bakearen konponbidean. Hauek izango dira solaskideak: Agus Hernan, Foro Sozialeko koordinatzailea; Anaiz Funosas, Bake Bidean mugimenduko presidentea; Fernando Armendariz, irakaslea eta Giza Eskubideen aldeko ekintzailea; eta Joseba Azkarraga, Sareko bozeramalea. Teresa Toda kazetari eta ekintzaileak gidatuko du solasaldia. Jardunaldietara sarrera irekia da.