"Burundanga neskei beldurra eragiteko erabiltzen da"

Itsaso Estarrona 2017ko aza. 10a, 10:31

Burundanga: genero kontu bat ikastaroa antolatu du Gasteizko Ai Laket elkarteak. Saioa Nuñez kidearekin hitz egin du ALEAk. 

 

Txanogorritxuren ipuineko otsoaren baliokidea izan liteke burundanga gaur egungo gizartean. Beldurraren bidez, "neskak kontrolatzeko tresna bezala erabiltzen da", Ai Laket elkarteko Saioa Nuñez bazkideak azaldu duenez. Aldiz, argitu du sexu-eraso eta lapurreta gehienak alkoholaren eraginpean gertatzen direla, eta, beraz, "kezkagarriena" ez dela substantzia, erasotzaileen helburua baizik. "Gizarte patriarkala da aztertu behar duguna". Gaia lantzeko, ikastaroa egingo dute azaroaren 10ean, ostirala.   

Sentsazionalista ez izateko, nola jorratu burundangaren gaia, gehiegikeriarik gabe?  

Informazio objektiboa biltzea da garrantzitsuena; alegia, albisteak errealitatean oinarritzea. 

Objektiboa ez den informazioa eman ohi da droga honekin lotuta, ala?  

Komunikabideek, askotan, sentsazionalismora jotzen dute izenburu batzuekin, mitoetan oinarrituta.

Zeintzuk dira mito horiek?  

Batez ere, kontatu ohi dute emakumeen aurkako erasoetan eta lapurretetan burundanga erabiltzen dela. 

Baina mito bat da hori?

Burundangaren erabilera, berez, ez da mito bat, baina ez da sexu-erasoetan eta lapurretetan gehien erabiltzen den substantzia, eta hori ez dute komunikabideek kontatzen. Eskopolaminan jartzen dute fokua, aztertu gabe zer pisu duten beste substantzia batzuek sumisio-kimiko kasuetan; alkoholak, esaterako.

Alegia, asko hitz egiten dugu burundangaz, baina beste droga batzuk gehiago erabiltzen dira sexu-erasoak eta lapurretak egiteko?

Hori da. Erasoren bat jasan duten pertsonei odol-analisiak egiten zaizkienean, alkohola izaten da nagusitzen den substantzia. Larunbatero eman daitekeen egoera da: norbait mozkortu egiten da eta lapurtu egiten diote. Kasu horietan, ez dugu arreta alkoholean jartzen, lapurretan baizik. 

Baina alkohola norberaren borondatez hartzen da, eta burundanga ez, normalean. Ez al dator hortik beldurra?

Eraso gehienetan, ez dizute edalontzian ezer bota. Estatistiken arabera, alkohola eta beste substantzia batzuk egoten dira tartean, eta norbaitek egoera hori aprobetxatu egiten du sexu-erasoa edo lapurreta egiteko.  

Justifikatuta edo ez, kezka dago burundangaren inguruan. Gasteizen, erabili egiten da? Horren frogarik al dago? 

Baina zeren ondorioz sortu da kezka hori hemen? Ba al dago Gasteizen kasuren bat burundanga erabili dutela frogatu egin dena? 

Ez da erabiltzen, beraz?

Ez dakigu. Ez da inoiz frogatu. Sexu-erasoak eta lapurretak salatu egin dituztenean, datu ofizialek ez dute inoiz jaso burundanga erabili izan denik. Beraz, gehiegizko kezka dago eskopolaminaren inguruan. 

Irailean gizon bat hil zen Kanarietan. Espainian burundangak eragindako lehenengo heriotza izan da; edo, gutxienez, frogatutako lehena.

Bai, hala da. Baina kontuan izan frogatutako kasu bakarra izan dela oraingoz. Asko hitz egiten da burundangaren erabileraz, baina oso kasu gutxi ematen dira. Gure ustez, eskopolaminarekin piztu den beldur horren atzean, drogekin lotutako mito bat dago: hots, ezin direla drogak modu arduratsuan kontsumitu; norbaitek substantzia bat sar dezakeela gure gorputzean, gure kontroletik erabat kanpo dagoena. Eta ez da horrela izaten. Oro har, aukera dugu drogen erabilera arduratsua egin eta gure gorputza zaintzeko; eta, jakina, kontsumitu nahi ez ditugun substantziak ez kontsumitzeko eskubidea dugu. 

Ez kontsumitzeko eskubidea aipatu duzu. Jarraibiderik al duzue, droga horren aurrean nola jokatu jakiteko?

Jarraibideak ez genituzke hainbeste substantziaren inguruan kokatu behar, baizik eta erasoen inguruan. Sexu-erasoa edo lapurreta egiteko bitarteko bat izan daiteke eskopolamina, baina benetan kezkagarria dena ez da bitartekoa bera, helburua baizik. Zergatik ematen dira eraso horiek? Nola saihestu? Horren gainean egin behar dugu lan. 

Eta borondate galera gertatzen denean, zer egin?

Lagunen arteko zaintza bultzatu behar dugu, edozein substantziaren menpe gauden kasuetarako. Guk asko lantzen ditugu halako jarraibideak gazteekin, beti ez dugulako kontsumo arduratsu bat egitea lortzen. Eskuetatik ihes egin ahal digu egoerak. 

Sumisio kimikoaren gaia landu nahi duzue ikastaroan, generoarekin lotuta. Zer pisu du emakume izateak drogen eremuan?   

Hori da, hain zuzen, ikastaroaren helburua: generoak drogen esparruan duen pisua aztertzea. Estigma bikoitza jasaten dute drogak kontsumitzen dituzten emakumeek, emakume izateagatik eta drogak kontsumitzeagatik. Emakumeoi egozten zaizkigun ezaugarriak ez datoz bat gizarteak droga kontsumoari buruz duen ikuspegiarekin. Adibidez, emakumeok zaintza-lanekin lotzen gaituzte, eta hori ez dator bat droga kontsumoaz dugun ikuspegiarekin. 

Erruduntasun eta lotsa sentimenduak errazago ematen al dira drogak kontsumitzen dituzten emakumeen artean, gizonezkoen artean baino? 

Bai. Gizartearen ikuskerak lotsa eta erruduntasun sentimenduak eragiten dizkie drogak erabiltzen dituzten emakumeei, eta horrek arriskuak areagotzen ditu. 

Zergatik areagotzen ditu arriskuak? 

Ezkutuan kontsumitzera jo dezaketelako, eta joera handiagoa garatu dezaketelako arazoak ez konpartitzeko, epaituak ez izateko. Isolamendu horrek arazoak larritu ditzake.

Burundanga eta generoaren artean, zehazki, zer motakoa da lotura?

Gizarte patriarkal eta matxistaren ondorioz sortu da burundanga eta generoaren arteko lotura hori, sexu-erasoak egiteko bitartekari bezala erabili daitekeelako eskopolamina. Neskengan beldurra eragiteko erabiltzen da, kontrolerako tresna gisa. Izan ere, mutilei erasoak egiteko ere erabili daiteke eskopolamina; lapurretak egiteko, adibidez. Aldiz, mutilei ez, baizik eta neskei sentiarazten diegu beldurra. 

Txanogorritxuren otso berria al da burundanga?

Ba bai... Eta beldur hori sustatzen ari gara nesken artean, erasoen ardura haien gain balego bezala. Argitu dezagun: ardura ez da neskona; ez gara gu zerbait gaizki egiten ari garenak. Beraz... zergatik ez, neskei jarraibideak eman baino, mutilei eman? Zergatik ez ardura lekuz aldatu? Hezkuntza aldaketa bat behar dugu. 

Hezkuntza aldaketa hori egiteko, zer ideia transmititu beharko genituzke?

Adibide bat jartzearren: sexu-harremanak festa-giroarekin eta gauarekin lotzen ditugu, batik bat. Beharrezkoa al da beti pedo bat, jendea ezagutzeko? Edo, muturrerago: sexu-harremanak izateko, norbaitek konortea gal dezan behar dugu? Hezkuntza afektibo-sexuala landu behar dugu, bai eskoletan, bai beste eremu batzuetan ere. Eskopolaminaren arazo nagusia bere erabileraren motiboetan dago. Desberdintasunean, hain zuzen; gizarte patriarkal eta matxistaren ezaugarrietan. Horra bideratu behar dugu hausnarketa. 

Kontsumo pribaturako ere erabiltzen al da burundanga?

Instituzioek ez dute eskopolaminaren erabilera aztertzen beren ikerketetan, eta, beraz, ezin dugu ziurtasunez jakin. Elkartera heltzen zaigun informazioaren arabera, badago eskopolaminaren eraginak ezagutu nahi dituen jendea. Hegoamerikan, adibidez, herri batzuek erabili dute. Kontua da, arrisku eta plazerren arteko balantzan, arrisku asko eragin ditzakeela, eta plazer gutxi. Ez du orekarik: nahiko dosi txiki batek ondorio oso toxikoa eragin dezake. 

Haluzinazioak? 

Delirioak. Gauza ezberdinak dira. Delirioen kasuan, ez zara gai desberdintzeko zer den erreala eta zer ez. Sinestu egiten dugu sentitu eta ikusten dugun guztia. Haluzinazioetan, aldiz, kontrol handiagoa dugu, gertatzen ari zaigunaren  gainean. Haluzinazioa errealitatetik abiatzen da, eta delirioa, ez. Bestalde, aipagarria da eskopolaminarekin gose eta egarri sentsazioak gal ditzakegula. Orain dela bost urte-edo, bi mutil hil ziren rave batean. Analisien arabera, hainbat substantzia kontsumitu zituzten, tartean eskopolamina (nahita hartuta, antza). Heriotzaren motiboa deshidratazioa izan zen. 

Gizarte-katramila honetan... Zer mezu helarazi nahi duzue ikastaroan?

Drogen eremuan generoak daukan garrantzia azpimarratu nahi dugu ikastaroan, bai erabileretan, baita gizartearen ikuskerak eragiten dituen sentimenduetan ere. Horrez gain, arrisku-murrizketarako neurri zehatzak landu nahi ditugu emakumeekin.

 

PSIKOAKTIBOA, GERTUKO LANDAREETAN

Bide bazterretan, zelaietan eta lorategietan ohikoak diren landare psikoaktiboetatik lortu daiteke eskopolamina droga, burundanga izenagatik ezagunagoa; besteak beste, estramonioan (asma-belarra), belaikian (belladona), mandragoran edo erabelarrean aurki daiteke. Eraginen artean, borondatearen galera egon daiteke. Horrez gain, amnesia eragin dezake. Ordu gutxitan desagertzen da organismotik, arrastorik utzi gabe. Ez du zaporerik, ez usainik ere, eta ahotik zein larruazaletik kontsumitu daiteke. Edarietan, janarian edo azalean jarrita erabiltzen dute erasotzaileek. Gasteizen, edonola ere, ez dago eskopolaminaren erabileraren ebidentziarik.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago