Goenagaren atzera begirako erakusketa

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko aza. 12a, 09:48

Juan Luis Goenagaren obra bat. VITAL FUNDAZIOA

Juan Luis Goenagaren gai desberdinetako 44 obra ikusgai dira Vital Kutxa Fundazioa aretoan.

 

Juan Luis Goenagaren (Donostia, 1950) erakusketa inauguratu dute  Vital Fundazioa Aretoan. Margolariaren 44 lan ikus daitezke bertan, gai desberdinetakoak, hala nola paisaiak, natura, pertsonaia abstraktuak, sustraiak eta belarrak edo arkeologia. Era berean, erakusketa eremuan zortzi lanez osatutako sorta egongo da, artistaren "eskulan" ezagunei dedikatua; naturan bertan egindako lanak dira, basoan, gai organikoz, artisau lanez eta abarrez. Abenduaren 3ra arte izango da zabalik erakusketa.

Juanma Arriaga da erakusketa horren komisarioa eta Fernando Martinez de Viñaspreren koordinazioa eta erakusketa-diseinua ere izan ditu. Goenagaren obra euskal museo eta bilduma garrantzitsuenetan dago: Bilboko Arte Eder Museoa, San Telmo Museoa, Gasteizko Artium... Vital Fundazioaren aretoan atzera begirakoa ikusgai jarri dute oraingoan.

Nerabezaroan ekin zion margotzeari Goenagak, eta autodidakta izan zen hasieran, Bartzelonan eta Parisen. Estreinakoz Parisen erakutsi zuen bere lana, 1971an, erakusketa kolektibo batean. Lehenengo banako erakusketak Durangon (1973), Donostiako San Telmo museoan eta Euskal Herriko galeria ezberdinetan egin zituen.

1970etik Alkizako bere baserrian giltzapetu zen. Ordutik naturaren eta euskal nekazaritza arloaren genero artistikoa lantzeari ekin dio Goenagak, bere alderdi abstraktuenetan eta jatorrizkoenean, eta horretarako, gai etnografikoetara jo du, labar-margoetara, eta paisaietara. Gainera, Josune Albizu Vital Fundazioko zuzendariak azaldu duenez, "orografiak eta klimak inspiratuta, margolariak lur-koloreak aukeratu ohi ditu bere lanetarako, harri-koloreak eta ilunak, nahiz eta, batzuetan, gorrian, berdean edo beilegian egindako zertzelada bizien bidez harritzen duen ikuslea". "Espresionismo eta arte materikoaren" artean kokatua, Goenaga euskal margolaritzaren izen nabarmenetako bat dela azpimarratu du Vital Fundazioko zuzendariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago