Kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina abian

Erredakzioa 2017ko aza. 9a, 14:16

Bai Euskarari elkarteak aurkeztu du, eta horretarako Gasteizko euskararen mapa osatu dute.

Bai Euskarari elkarteak kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat jarri du abian Gasteizen, Udalaren babesarekin. Establezimendu eta kontsumitzaile gasteiztarrei bide berriak irekitzen laguntzea da helburua, euskara baliatu beharreko aldagai gisa harturik.

Euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea da erronka, lehen hitza euskaraz eginez, Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartaraztea eta urratsak ematera eragitea. "Gasteizko euskararen mapa" da proiektu honen muina. Bai Euskarari ziurtagiridunek osaturiko merkataritza planoa gizartearen eskura jarriko dute, euskarazko kontsumoa errazagoa izan dadin. 

Une honetan ehun denda inguruk osatzen dute Gasteizko euskararen mapa eta gainontzeko merkatariak eta ostalariak gehitzera animatu nahi dituzte. Parte-hartzaileak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez identifikatuko dira, bakoitza dagokion mailarekin: "Zerbitzua eta lana euskaraz", "Zerbitzua euskaraz" eta "Euskararen bidean".

Kanpaina Gasteizko lau negozio hauetatik abiatuko dute: Humedal Informatik, Ttilika arropa denda, Etxabe harategia eta Martinez de Rementeria farmazia. Kanpainaren protagonistak eta euren egoera ezagutzera emango dituzte, euskara merkataritzan gehitzea oso aberatsa izan daitekeela erakusteko. Martinez Rementeria farmaziakoek, esaterako, adierazi dute bezeroaren aurrean euskararen balioa argia dela, eta ezagutza eta erabilera areagotzeko pausoak ematen jarraitzeko asmoa dutela

 

Erlazionatuak

Kontsumoa euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia Rober Gutierrez 2017 aza 13 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago