Gazte bat epaitu zuen astelehenean Gasteizko epaitegiak, Txikita kaleko 14. atariaren okupazioarekin lotuta. Zehazki, eraikineko gazteak irtenaraztea eta 360 euroko isuna ordaintzea eskatu du Fiskalak.
Zigor-eskaera bera egin du Udalak ere, etxebizitzen jabea den heinean, akusazio partikularra gauzatu duelako epaiketan. Defentsak, aldiz, absoluzioa eskatu du, froga falta argudiatuta.
Hiru eraikin okupatu zituzten martxoan Gazte Emantzipaziorako Sarearekin lotutako hainbat gaztek: Txikita kaleko 14.a, Pintore kaleko 20.a eta Aiztogile kaleko 92.a. Salatu zutenez, pisu horiek sei urte zeramatzaten hutsik, "etxebizitza-politikaren porrotaren erakusle".
Gazteentzako udal-pisuak
Udalak 2011n iragarri zuenez, gazteentzako etxebizitza-programa bat abiatu nahi zuen hiru eraikin horietan, eta, horretarako, berreraiki egin zituen. Alabaina, programa horrek ez du aurrera egin.
Gazte Emantzipaziorako Sarearen iritziz, "kudeaketa txarra" egin du Udalak; hori salatzeko eta epaiketagatik protesta egiteko, elkarretaratzea egin zuen astelehenean auzitegi parean. Epaiaren zain dago orain epaitutako gaztea.