Euskaltzaindiaren XXII. Jagon jardunaldiak Araban euskarak bizi duen egoera aztertuko du

Erredakzioa 2017ko aza. 8a, 14:25

Gaur aurkeztu dituzte Gasteizen XXII. Jagon jardunaldiaren nondik norakoak.

Jardunaldia azaroaren 17an egingo dute, Araba, euskaraz bidea egiten izenburupean, eta euskarak Araban bizi duen egoera izango dute aztergai.

Azken mendeetan atzerakada izan ondoren, azken hamarkadetan nabarmen hobera egin du euskararen egoerak Araban. Aldaketa horren dimentsioa eta ezaugarriak izango dituzte hizpide, hain zuzen, Euskaltzaindiak azaroaren 17rako antolatu duen XXII. Jagon jardunaldian. Bertan, Arabako ordezkaritza herritar, profesional eta instituzional zabal batek parte hartuko du.

Roberto Gonzalez de Viñaspre Euskaltzaindiaren Arabako ordezkariak jardunaldiak aurkezteko egin duten agerpenean adierazi duen legez, "Arabako gaur egungo errealitatetik abiatuta, aurrera begirako erronkez eta aukerez hausnartzeko abagune izango da, hizkuntza-normalizazioaren bidean. Ildo horretan zenbait ekimen eta esperientzia berritzaile aurkeztuko dira, eta tarte berezia eskainiko diegu euskarazko hedabideei".

Iñaki Martinez de Luna Sustapen batzordeko kide eta soziologoa ibili da egitaraua osatzen. "Azaroaren 17ko zita honetan Araban gertatzen ari den hizkuntza-aldaketaren dimentsioa eta ezaugarriak izango dira hizpide". Hasteko, euskararen egungo egoera eta azken hamarkadetako bilakaera aztertuko da, gertatzen ari dena datu zehatzen argitan ikusiz. Estatistikatik harago, zenbait erakundetako euskara teknikariek hartuko dute hitza ondoren. Jarraian, euskalgintza sozialaren ordezkaritzako kideek hartuko du hitza, hala nola Oihaneder/Lazarraga eta Agurain 75 ordu euskaraz ekimenetako ordezkariek, Gasteizko Geu eta Trebiñuko Gutxisolo euskara elkarteetako kideek, eta helduen euskalduntzeko mugimenduaren izenean IKAko ordezkari batek.

Azkenik, "euskararen biziberritze arrakastatsurako erabakigarriak diren zenbait hedabideen ahotsa ere entzungo da (HEKIMEN, ALEA, Hala Bedi 2...). Guztien ahotik eta nor bere eskarmentutik abiatuz, orain arteko lorpenez eta bidean izandako oztopoez zein etorkizuneko aukerez hausnartzeko parada egongo da".

Jagon jardunaldia goizeko 9:30ean abiatuko da, Andres Urrutia euskaltzainburuaren sarrerarekin. Urrutiarekin batera egongo dira Igone Martinez de Luna Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua, Iñaki Prusilla Gasteizko Udaleko Euskara zinegotzia, Sagrario Aleman Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko burua eta Roberto Gonzalez de Viñaspre bera.

Euskararen bilakaera

Sarrera-hitzaldien ondotik, Arabako egoeraren eta bilakaeraren nondik norakoak aztertu eta eztabaidatuko dituzte, mahai-inguru batean. Parte hartuko dute Agurtzane Ortiz de Landaluze Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako teknikariak; Asier Etxenike Aztikerreko zuzendariak; eta Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko Kale Neurketako zuzendariak. Iñaki Martinez de Lunak egingo du moderatzaile lana.

11:00etan erakundeetako euskara teknikarien txanda izango da, eta Jokin Larrañagak (Arabako Foru Aldundiko Euskara Zerbitzuko burua), Alex Vadillok (Gasteizko Udaleko Euskara Zerbitzua), Leire Sueskunek (Errioxako Kuadrillako Euskara teknikaria) eta Manex Agirrek (Gorbeialdeko Kuadrillako Euskara teknikaria) parte hartuko dute, Roberto Gonzalez de Viñaspre euskaltzain urgazlearen esanetara.

12:00etatik aurrera Arabako euskaldunak aktibatzeko azken urteotan egindako ahaleginak aletuko dira. Horretarako, Montehermosoraino hurbilduko dira Asier Lafuente (Agurainen 75 Ordu Euskaraz ekimeneko kidea), Maddalen Agirre (GEU Elkarteko teknikaria), Iñaki Lazkano (Oihaneder Euskararen Etxeko teknikaria eta Lazarraga Kultur Elkarteko kidea); Pilar Ansotegi (Gutxisolo Elkarteko kidea), eta Josemi Reguero (Gasteizko IKAko arduraduna). Ane Pedruzok moderatuko du mahaia.

Azkenik, 13:00ak aldera, euskarazko hedabideen garrantzia azpimarratuko da. Horretan jardungo dute Alberto Barandiaran HEKIMENeko zuzendariak, Aritz Martinez de Luna ALEAko koordinatzaileak, Izar Mendiguren Aiaraldea hedabideko zuzendariak eta Jon Sanchez Hala Bedi Bi-ko kazetariak, Itsaso Estarronaren batutapean.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago