Datorren ostiralean eta larunbatean, Euskadiko Baristen XII. Txapelketa izango da Gasteizko Europa biltzar jauregian. Irabazleak Espainiako Baristen XII. Txapelketan hartuko du parte, Bartzelonan, 2018ko apirilean.
EAEko hamalau kafegile onenak bilduko dira Europa jauregian, Forum Cultural del Cafe entitateak sustatutako ekimenean. Kafearen kultura zabaldu eta baristaren figurari ospea emateko xedea du ekimenak, kafea eta kafea daramaten edariak prestatu eta zerbitzatzen dituen ostalaritzako benetako profesionala den aldetik.
Txapelketa, hitzaldiak eta dastatzeak
Txapelketa bi jardunalditan banatuko da: lehena, ostiralean, 10:30etik 20:00etara; bigarrena, finala, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara. Baina lehiaketaz gain, kafeaz disfrutatzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Hala, ostiralean, 10:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara, kafe dastatzeak egingo dituzte. 19:00etan, aldiz, kafeak ostalaritzan duen papera aztertuko duen hitzaldia eskainiko dute. Larunbatean ere kafea probatzeko dastatzea egingo dute, goizean.
Kafe eta barista onenek egiten duten lanaz gozatzeko aukera herritar guztiei dago zabalik, izan ere, nahi duen oro sartu ahalko da, doan, erakustaldi zein hitzaldietara.