Urriaren 5ean, Bernardo Atxagaren Pott inguruak hitzaldi mamitsuarekin eman zioten hasiera Gasteizko Irakurle Klubaren ikasturte berriari. Ohikoa den moduan, aurkezpen saio horretan, urteko programa ere aurkeztu zuten; hain zuzen, hilabete bakoitzean landuko den liburuen zerrenda ezagutarazi zuten. Ostegunean, hilaren 26an, dago deituta lehen saioa. Najat El Hachmiren Azken patriarka izeneko lana aztertuko dute bertan. Ekainera bitartean, beste zortzi solasaldi egitea aurreikusi dute.
Hamasei urte pasa dira GEU elkarteak, Iban Zalduaren laguntzarekin, Gasteizko Irakurle Kluba martxan jarri zuenetik. Euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko asmoarekin sortu zuten, hilean behin liburu baten inguruan bilduz. "Urte guzti hauetan jende askoren fideltasuna eta interesa irabazi du. Izan ere, euskarazko eskaintza kultural egonkor bat denez zale berriak gutxika erakartzeko indargune bat da", azaldu du elkarteko Amaia Elorzak.
Iban Zaldua idazleak koordinatzen du jarduera hori. Liburuen aukeraketa egiteaz, programazio ahalik eta sendoena osatzeaz, liburuak aurkezteaz eta ondorengo ideia-trukea gidatzeaz arduratzen da, besteak beste, "ahalik eta modu sotilenean". Idazleei edota itzultzaileei etortzeko gonbidapena luzatzeko ardura ere badu.
Kalitatea eta aniztasuna
Liburuak aukeratzerakoan, parametro bat baino gehiago hartzen duela kontuan azaldu du Zalduak: "Lehenengoa, kalitatea, subjektibotasun maila bat inplikatzen duena, zer esanik ez. Aniztasuna, hots, ahots eta joera aski ezberdinak konbinatzea, kurtso berean liburu antzekoegiak irakur ez ditzagun". Modak edo irakurleen "gustu luze-zabalak" eta nobedadeen joan-etorriak ere ez dituela bistatik galtzen nabarmendu du, nahiz eta, aldi berean, klubak liburu zaharragoen "erreskateak" proposatzeko aukera eskaintzen duen.
Generoari dagokionez, eleberriak eta poema liburuak gailentzen badira ere, denetarik aukeratzen saiatzen dela esan du. Urtero, gutxienez, entsegu bat ipintzen dute; antzerkiarekin gutxiago ausartu dira, Irakurlearen Klubaren ibilbidean zehar inoiz irakurri badute ere.
Hizkuntza da, hain justu ere, Gasteizen dauden gainerako irakurleen txokoetatik bereizten duen ezaugarrietako bat. Horren harira, honakoa adierazi du proiektuaren koordinatzaileak: "Mahai gainean ipintzen diren liburu guztiak euskaraz idatzita edo euskarara itzulita dira". Bigarren ezaugarri berezi bat jardueraren erdigunea obra dela gogoratu du, eta ez egilea: "Liburua irakurrita ekarri behar dute parte-hartzaileek, derrigorrez, eta autorea gonbidatuta egon daiteke, ala ez, baina helburu nagusia liburua da beti", azpimarratu du.
Lotsak, etxerako
Hortik aurrera, "hitz egiteko gogoa" izan behar dute saioetako partaideek. Zalduak gogoratu du liburu beraren inguruan "irakurketa asko" egin daitezkeela, eta denak izan daitezkeela baliagarriak; izan ere, koordinatzailearen ustez, "denetatik" ikasten da-eta zerbait. Hortaz, lotsak "etxean uztea" gomendatu du: "Oso talde irekia izan ohi da, jatorri ezberdinetako jendeak osatua, eta horrek irakurketen aniztasuna eta aberastasuna bermatzen du. Denon ahotsa entzutea dugu gustuko, irakurketa guztiak direlako, are kontrajarriak direnean, osagarri. Nik izugarri ikasi dut urteotan zehar, irakurleen iritziak entzunez", aitortu du idazleak.
15-20 partaide artean
Talde txikia da hilabetero elkartzen dena, eta idazlearen esanetan, hori da egitasmo horren gakoetako bat. Hogei partaidetik gorako taldeak "horren eraginkorrak" ez direla uste du Zalduak, jende asko geratzen delako hitz egin gabe. Gaineratu du, hala ere, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe edo Fermin Etxegoienekin egindako "saio kopurutsuak" ez direla gaizki egon. "Baina, uste dut 15-20 lagunen buelta horretan ateratzen zaiela etekin handiena klubeko bilerei".
Aipatu bezala, noizean behin, idazle edo itzultzailea gonbidatzen ditu solasaldian parte hartzera. Saioa izugarri aberasten badu ere, Zalduak onartu du liburu horren iritzia horren positiboa ez bada, kosta egiten dela inpresioa ematea. Horretarako, normalean, batzarraren lehen zatia "idazlerik gabe" eztabaidatzen ematen dutela azaldu du, testuinguru horretan sor daitezkeen objekzioak errazago ateratzen direlako. "Gero, objekzio horiek bildu baditu, koordinatzaileak planteatu diezazkioke idazleari, modu anonimo eta erosoagoan. Baina askotan saioaren lehenengo partean liburuari arazoak ikusi dizkioten horiek dira egileari zintzotasun handienaz botatzen dizkiotenak, bigarren partean. Eta hala izan behar du".
17/18 ikasturtea
- Urriak 26: Azken patriarka. Najat El Hachmi.
- Azaroak 30: Elur bustia. Pello Lizarralde.
- Abenduak 21: Geratu zaitez gurekin. Ana Malagon.
- Urtarrilak 25: Gerrak ez du emakume aurpegirik. Svetlana Aleksievitx.
- Otsailak 22: Izenik gabeko lurrak. Urt Zubiaurre.
- Martxoak 22: Kristo irakiarra. Hassan Blasim.
- Apirilak 26: Feriatzaileak. Patxi Larrion.
- Maiatzak 31: Poemak pluralean. Fernando Pessoa.
- Ekainak 28: Joan zaretenean. Jokin Muñoz.