GEU elkarteak 25 urte

Aspaldian...

Itziar Azpeitia 2017ko urr. 26a, 14:32

GEU aldizkariaren zero alea. / Alea

"Urte askotan, aldizkari hura izan zen Gasteizko 'besteekin' elkartzen ninduen zilbor-hestea". 

Otxeintaisietean izan zen. (Mintzalagunak adar joka entzuten ditut: laurogeita zazpian, barkatu). Han etorri da Gipuzkoako neska, nora eta Gasteizera: amama "yaya" eta neba txikia "tato" ziren tokira. Ezin inguru arrotzagorik topatu. "Hori Castilla da", esaten zuten nire jaioterrian; eta sentitu, horrela sentitu izan nuen hasiera hartan.

Horretan nengoela, halako amandreren batek jarri zidan, bada,  aldizkari hura eskuetan. GEU. Miraria. Pluralean. Ez naiz bakarra: Gasteizen euskaldunak egon badira… alboko kalean. Eta are gehiago, miopia euskaraz zuzentzeko aukera ere banuen!

Urte askotan zehar, aldizkari hura izan zen Gasteizko "besteekin" elkartzen ninduen zilbor-hestea.

Gero, etxeko kontuek aukera eman zidatenean, bide beretik topatu nuen altxorra. Mintzalagunak. Brankaz jotzen duen haizeari eutsiz, euskara ikasteko gogoz diren gizon emakumeak. Ez hori bakarrik: bitartean gozatu eta guzti ez dute egiten, bada! 

Astero-astero txapela kentzeko moduko ahalegina erakusten didate. Hauek egin naute ni arabar.

Konturatzen?

Bai GEU aldizkaria, bai mintzalagunen ekimena, Alea hauxe bera ere, GEU elkartearen seme-alabak dira. Eta ez dira bakarrak. 

Ez dakit, ordea, Gasteizko euskaldunak horretaz jabetzen ote diren. Eta merezi du arreta jartzea:  kristoren ilusioa eta imajinazioa duen gazte taldea dagoela ikusiko lukete. Musu-truk, lan mordoa egiteko prest dagoen agian-ez-hain-gazte piloa.

Adin guztietako eta era guztietako euskaldunek Gasteizen euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten. Ale, gonbitea…: hurbildu, galdetu, jabetu eta GEU elkartearekin bat egin. Ekintzetan parte hartuz, eta ahal bada bazkide eginez. Hau baino gauza merkeagorik, gutxi.

Antzerkian, sagardotegian, mintzapoteoan, mendirako irteeretan, irakurketa eta kalejiretan… euskaldun zahar eta euskaldun berriekin bat egiten segitzeko itxaropena dut nik neuk…  

Izan ere, nire jaioterrian ziotena aspaldi da gezur: aspaldi zuzentzen gaituzte Gasteizko euskaldunek zenbakiak kastellanoz esaten ditugunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago