GEU elkarteak 25 urte

Euskara sustatzeko, aisia lagun

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko aza. 1a, 08:00

Kantari saioak arrakasta handia lortu du. ALEA

Euskararen erabilera bultzatzeko aisialdian eragitea estrategikoa dela uste du GEU elkarteak.

Aisialdiaren eremuan aurrerapen handia egin du GEU elkarteak azken hiru urteetan, hainbat programa abian jarrita. Igandeak Jai, familia irteerak, gazte topaketak, aisialdiko hezitzaileen formakuntza eta sentsibilizazioa, edo guraso elkarteekin elkarlanean antolatzen dituzten lantegiak eta hitzaldiak dira eremu honetan abian jarritako esperientzia batzuk. Zuriñe Gil aisialdi alorreko koordinatzaileak azpimarratu du euskararen erabileran sakontzeko estrategikoa dela aisian eragitea. "GEU elkartea beti komunikazioarekin oso lotuta egon da, baina azken hiru urteetan esparrua zabaldu dugu, eta aisian indar handia jarri da".

Zenbakiek ondo islatzen dute ahalegina. Azken bi urteko balantzeari begiratuz gero, ikusi daiteke gero eta jende gehiago biltzen dela saio ezberdinetara, eta ez soilik hiriburuan, Araba osora hedatzen ari baitira hainbat ekimen. 

Gasteizko Udalak hezitzaileentzako formazioari begira ateratzen duen programan gero eta jende gehiagok parte hartu du. Ikasturtean zehar hezitzaileentzako formazioan 30 saio egin ziren 2016an eta 45 saio egin dira 2017an; eta udalekuetara begira hamar saio egitetik hamabost saio egitera igaro da. Gainera, udalekuetan euskararen erabilera sustatzeko formazioak egin dira lehenbiziko aldiz Kuadrilla guztietan, Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean. 

Kantari ere gora doa

Bestetik, gaztetxoen artean euskarazko kantuak sustatzeko Kantari izeneko karaoke ikuskizunak arrakasta handia izan du. Bertan, neska-mutikoek euskal kantuak abesten eta dantzatzen dituzte. 2016an egin zen, lehen aldiz, Kantari karaokea Gasteizen eta zazpi hezkuntza zentrotik 161 parte hartzaile izan ziren. Aurten, azaroaren 25ean eta 26an izango da. Zentro guztietara zabaldu da aukera, eta 320 lagunek eman dute izena jada.

Kantari Gasteiz Euskararen Astearen inguruko ekimena da, eta Gasteizko Udalak diruz lagundutako egitasmoa da. aleak ere parte hartzen du ekimenean.

Arnasguneak

Euskararen transmisioa lantzeko asmoarekin, familientzako arnasguneak sortzen saiatu da GEU elkartea. 2013an abiatu zuenetik, bi mila gasteiztarrek baino gehiagok hartu dute parte, esate baterako, Igandeak Jai programan. Hilean behin igande arratsalde batean, Gasteizko eskola bat aukeratu eta bertan bi orduko saioa egiten dute: antzerkia, musika eta magia ikuskizunak eskaintzeaz gain, ikusle huts izatetik parte-hartzaile izatera gonbidatzen dituzte familiak: "Ume eta helduei bere aisialdian elkarrekin euskaraz aritzeko aukera eskaini nahi diegu". Familia irteerak ere antolatzen dituzte, hiru hilabetean behin, Jostabi elkartearekin batera. 

Halaber, guraso elkarteekin lanketa estua egiten dute eta gurasoei begirako hitzaldiak eta lantegiak antolatzen dituzte. Euskara ez dakiten edo oso gutxi dakiten gurasoei zuzendutakoak dira batzuk, euskara ikasten ari diren edo euskara neurri batean dakiten gurasoei beste batzuk. Lantegien artean, arrakastatsuenak izan dira Betiko eta Egungo Jolasak, Haur kantuak, eta eguneroko esamoldeak ikasteko eta euskaraz erabiltzeko saioak.

Gazte topaketak

Gazteengana heltzeko erronka ere jarri du GEU elkarteak lehentasunen artean, eta bide horri ekiten hasteko antolatu zuten iaz, lehen aldiz, Arabako Gazte Topaketak. Kuadrilla guztietatik 50 bat lagun bildu ziren Gasteizen, eta aurten errepikatuko dute esperientzia, azaroaren 18an. "Ekimena gazteen esku dago, eta haiek erabakiko dute zer egin" argitu du Gilek.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago