GEU elkarteak 25 urte

GEU aldizkaria: bihotzetik, paperera

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2017ko urr. 27a, 08:01

Alex Vadillo, Joseba Gorostiza eta Mikel Garmendia, GEU Gasteizko sortzaile taldeko kideak. SAIOA FDZ.DE ARGANGUIZ

1992ko abuztuan kaleratu zuten GEU Gasteiz aldizkariaren zero zenbakia, euskaltzaleen talde anitz baten ilusioari esker.

Arrasate Euskaldundu Dezagun elkartearen eta  Arrasate Pressen eredua kopiatuta sortu zituzten 1992. urtean GEU Gasteiz elkartea eta aldizkaria. Biak batera jaio ziren "nahiko modu automatikoan". Ez zuten gogoeta sakonik egin ezta txostenik idatzi ere; hiriko euskaldunak biltzeko eta trinkotzeko gogoa, ilusioa eta borondatea osagai nahikoak izan ziren hamazazpi urteko bidea egingo zuen Arabako euskarazko lehen aldizkaria martxan jartzeko.

Ideia Gipuzkoatik etorri bazen ere, Gasteizen euskaltzaletasuna bor-bor zegoen 90. hamarkadan, eta berehala ekin zioten lanari dozenaka arabarrek. Besteak beste, Mikel Garmendiak, Joseba Fernandez de Gorostizak eta Alex Vadillok parte hartu zuten jaiotza bikoitz horretan, bereziki GEU Gasteiz aldizkariaren hastapenetan. Gasteizko Irakasle Eskolan egin zuten elkartea eta aldizkaria sortzeko lehen batzarra, "eta asko planifikatu gabe atera zen, gogo handiarekin".

Aldizkaria euskaltzaleen arteko lotura gisa planteatu zuten, euskaldunek egiten zutenaren berri emateko. Vadillok azaldu duenez, ez zegoen gogoetarik prentsaren inguruan: "Egun badago gogoeta estrategiko hori, euskal prentsaren beharrari buruzkoa, euskaldunak biltzeko eta kohesionatzeko tresna ezinbestekoa dela. Garai horretan besteek egiten zutenari begiratzen genion. Zer egiten dute? Aldizkaria. Ba, orduan, aldizkaria egingo dugu guk ere. Estrategikoa da euskal prentsa, baina guk orduan ez genekien". 

Garmendiak gaineratu du eragozpenen aurrean beti aurrera egiten zutela: "Beharbada momentu horretan bakoitzak izango zituen bere teoriak edo ideiak buruan, baina ez genuen sakontzeko edo eztabaidatzeko denbora hartzen. Egitearen aldekoak ginen eta gure erreferentzia Arrasate zen: "Haiek aldizkari bat egiten baldin badute, guk zergatik ez?".

Ehun mila pezeta

Lehenengo zartakoa berehala jaso zuten, zero alearekin batera, hain zuzen. Barrez kontatu du Fernandez de Gorostizak: "Lehen arazoa izan zen maketatzea; guk ez genekien maketatzen, ezagutzen genituen enpresa batzuk eta bidali genuen aldizkaria maketatzera, baina sekulako ostia eman ziguten, 100.000 pezeta kobratu ziguten, proiektua erabat kolokan geratu zen". 

Esperientzia horren ostean, buelta bat eman behar izan zioten egitasmoari, eta abendura arte atzeratu zuten lehenengo zenbakia. Vadillori eskatu zioten maketazioaz arduratzeko. Jo eta ke jarri behar izan zen PageMaker programa zerotik ikasten. "Lehenengo alea egiteko aritu ginen Irakasle Eskolako macintosh txiki batekin, eta hura apurtu zen eta joan behar izan ginen Sabin Salaberriren lagun baten etxera aldizkaria bukatzera". 

Beste batzuetan, Egin egunkariaren Gasteizko bulegoa eta bitartekoak erabili zituzten, Fernandez de Gorostiza bertako langilea zela baliatuz: "Bartzelonako Joko Olinpikoetan arabar guztien argazkiak atera genituen, eta horietako batzuk Eginetik hartu genituen".

Halaber, garai batean, Koldo Mitxelena ikastetxearen atezainaren etxea GEU Gasteizko egoitza bilakatu zen. "Sekulako hotza pasatzen genuen bertan", azaldu dute. Hasiera batean, edukien aldetik, aldizkariaren funtzio nagusia euskaldunen berri ematea izanik, alde periodistikoa baztertuta geratu zen, nolabait. GEU Gasteizko lehen "erredakzio taldean" ez zegoen kazetaririk, ezta argazkilaririk ere. "Ez zen komunikabide txukuna –aitortu dute–, ez genuen aukera handirik, elkarteak egiten zuenaren berri ematera jotzen genuen". 

Hainbat kolaboratzaileri esker, ordea, kultura maila handia zuen aldizkariak, bereziki iritzi artikuluetan. Beste ataletan ahulago ibiltzen ziren eta ahal zutena egiten zuten. Garmendiak, adibidez, gurutzegramak egiten zituen, esperientziarik izan gabe: "Teknikaren bat egongo da, niri koadro pilo bat sobratzen zitzaizkidan eta beltzez jartzen nituen; normalean gurutzegrama batean sei koadro beltz baldin badaude nirean hamabost zeuden". 

Azaldu dutenez, garai horietan, zentzu handirik gabeko eztabaida sutsuak ere izaten zituzten, desorduetan, argazki gehiago edo gutxiago argitaratzearen inguruan, esate baterako. Gorostizak gogoan du Vadillori esaten ziola letra gutxiago idatzi behar zuela, eta argazkiak handiagoak jarri. "Utzi bakean, esaten zidan Alexek. Argazkiak maketatzen goizaldeko ordu biak arte egoten ginen, oraintxe noa oraintxe noa, esaten nion bikotekideari". 

Bi milatik gora ale banatzen zituzten hasierako hilabete horietan, Araba osoan, boluntarioen eta ikasleen lanari esker, eta harpidetza mordoa ere egin zituzten ez oso modu formalean: "Datuak babesteko lege guztiak urratzen genituen, baten eta bestearen zerrendak hartzen genituen, harpidetzak de facto egiten genituen…, beste aukerarik ez zegoen", azaldu du Fernandez de Gorostizak.

Izaera profesionala

Atzerapenik gabe ohartu ziren sustatzaileak euskara indartzeko izaera profesionalaren aldeko apustua egin behar zutela, eta "ukitu periodistikoa" eman GEU Gasteiz aldizkariari. Hartara, laugarren zenbakia egiteko, kazetari gazteak biltzen saiatu ziren proiekturako, argazkilariak, marrazkilariak eta kolaboratzaileak. Iñaxio Lopez de Arana izan zen aldizkariaren zuzendaria trantsizio etapa horretan, 1997. urtean Estitxu Breñasek aldizkariaren ardura hartu zuen arte. 

"Gauzak sortzea kriston ilusioa ematen du, –azpimarratu du Fernandez de Gorostizak–. Guk borondatea bakarrik genuen, indarra, gogoa eta ilusioa, eta euskaldunentzako aldizkari bat martxan jarri genuen, baina zailena mantentzea da, oso gogorra da horrelako egitasmo bat urtez urte mantentzea. Estitxuren ekipoak jarri zuen aldizkaria hirian agerian, oso bide polita egin zuten, astindu zuten euskal mundua eta erreferentea bilakatu zuten aldizkaria. Horregatik pena ikaragarria eman zidan aldizkaria lurperatzeak".

1992

GEU Elkartearen ekimenez kaleratutako argitalpena izan zen GEU Gasteiz hilabetekaria. 1992. urteko abuztuan kaleratu zuten zero zenbakia eta abenduan lehen zenbakia. 2000. urteko urtarrilean izena aldatu eta GEU izendatu zuten, "motzagoa delako eta jendeak oro har dagoeneko aldizkaria Gasteizekin berez identifikatzen zuelako". Aldizkariaren helburua euskara indartzea, zabaltzea, eta normalizatzea izan zen. 2.250 harpidedun izatea lortu zuten, eta 10.000 irakurle inguru. 2009. urtean desagertu zen aldizkaria. Publizitatearen eta salmenten jaitsierak sortutako arazo ekonomikoek eraman zuten GEU elkartea neurri hori hartzera. 2012an Hirinet komunikazio proiektu berria abiatu zuten. Iaz alea-k hartu zuen Hirinet-en lekukoa.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago