EAJk eta PSEk osatutako udal gobernuak mugikortasuna ardatz duen Gasteizko 2018rako aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur. Proposamena aurrera ateratzeko EH Bilduren edo PPren abstentzioa edo babesa nahikoa izango luke, eta gaur bertan hasiko dira negoziazioak, datorren urterako hiriaren aurrekontuak zehazteko.
Aurrekontua aurtengoa baino %4,45 handiagoa dela azaldu du Gorka Urtaranek; orotara, 377.421.372 eurokoa. Batik bat, mugikortasun iraunkorraren aldeko apustua egiten du, eta tranbiaren luzapena, autobus elektrikoa eta autobus hibridoen proiektuak sartzen dira aurrekontuan. Horrekin batera, erdigunea berriz aktibatzeko Bost Enparantza egitasmoak partida handiena izango du, ia bost milioi eurokoa. Koroatze auzoko Smarten City proiektua, turismo bulego berria, Animalien Babeserako zentroa handitzeko lanak eta futbol zelaien berritzea dira bestelako aurrekontu-sailak. Gasteiz Antzokiarentzat, esaterako, 300.000 euro bideratzea aurreikusi dute. Horrez gain, Mendizorrotzeko futbol zelaia berritzeko proiektua ere kontuan hartu du udal gobernuak, eta euro bateko partida zehaztu du, aurrerago osatu daitekena.
Mugikortasuna
2018ko aurrekontuan 1.172.675 euroko udal ekarpena jaso da tranbia hegoalderantz luzatzeko obretarako, eta autobus elektriko adimentsua ezartzeko ia hiru milioi euroko gastua egingo du Udalak. Aldi berean, Tuvisak bost autobus hibrido erosiko ditu 2018an, eta horretarako 1.775.000 euro erreserbatu dira.
Espazio publikoa eta lanak
Hiria eraldatzeko lanek aurrekontuaren zati handi bat hartzen dute. Hala, erdigunea berriz aktibatzea helburu duen Bost Enparantza proiektuak ia bost milioi euroko partida izango du, handiena, hain zuzen ere. Horrez gain, asteon hasiko diren Santa Barbara plaza eraberritzeko lanek 4.800.000 euro jasoko dute; Espazio Publikoaren Gida Planerako milioi bat euro baino gehiago bideratuko dute, eta Gasteizko industrialdeak berritzeko dirua ere inbertituko dute.
Aurrekontu parte-hartzaileak
Aurrekontu parte-hartzaileei dagokienez, gauzatzeke dauden proiektuak burutzeko (Konstituzio plazaren irisgarritasuna, Latinoamerika plaza lurperatzeko proiektua, parkour parkea, etab.) eta aurtengo herritarrek berriki bozkatu dituzten ekimenak gauzatzeko 270.000 euro inguru zuzendu dira.
Gasteiz Antzokia eta turismo bulego berria
Goya eraikineko turismo bulego berrirako 500.000 euroko partida dago, eta Gasteiz Antzokiarentzat 300.000 euro erreserbatuko dira, antzokia bera proiektatu eta egiteko. Kultura Eratzen proiektuak, esaterako, 350.000 euro izango ditu 2018an.
Gizarte politikak
Gizarte Politiken eta Osasun Publikoan egingo den inbertsioa %9 handituko da 2018an; ia 41 milioi eurora iritsiz. Besteak beste, San Martineko adinekoentzako zentro soziokulturala eta Berpizkundearen plazan lehen graduko mendekotasuna duten adinekoentzako eguneko arreta zerbitzua eraikitzeko diru-partida bana sartu dira.
Kirol instalazioak eta Mendizorrotza berria
Proiektu garrantzitsuenen artean, kirol instalazioak hobetzeko partidak aurkitzen dira; miloi bat euro futbol zelaiak berritzeko eta 720.000 euro, Adurtza, San Ignazio eta Beti Jai pilotalekuak berritzeko.
Halaber, partida bat sortu da Mendizorrotzeko zelaia birgaitu eta handitzeko erakundeen artean hitzarmena egiten bada ere; hori dela eta, zehaztutako diru kopurua sinbolikoa da, euro batekoa baita.
Udal langileen gastua, gora
Azkenik, udal langileen gastuak gora egin du. 2018rako aurreko urtean baino 6 milioi gehiago aurreikusi baitira arlo honetan. Gastu honen zati handi bat langileen ordainsarien %1,5eko gorakadari dagokio. Gainera, ordainsarien partidaren igoeran beste zenbait gauzek ere badute bere eragina: Zabalganeko gizartetxeko arreta langileen kontratazioa eta baita Udaltzaingoaren 32 agente berriak.