Asteazkenean hasiko dira Santa Barbara plazako obrak

Erredakzioa 2017ko urriaren 20a

Nerea Melgosa eta Iñaki Prusilla zinegotziek lanen berri eman dute gaur.

Hamabost hilabete iraungo dute lanek, eta besteak beste, Posta kalea oinezkoentzako bihurtuko da.

Datorren asteazkenean, Santa Barbara plaza eta ingurua eraberritzeko obrak hasiko dira. Egun horretan, plaza eta inguruko zenbait kale hesituko dituzte, eta Posta kalea trafikora itxi. Oinezkoentzat, ordea, zabalik egongo da, eta aparkalekutik nahiz garajeetatik ateratzen diren ibilgailuek Bake kalera jo beharko dute. Era berean, Jesus Guridi kaletik plazara sartzea debekatuko da, zamalanetarako eta auzokoei izan ezik. Posta eta Bake kale artean, semaforo berri bat jarriko dute, ibilgailuek, orain arte bezala, Bake kaletik Posta kalera jo dezatela saihesteko. Azoka plazako eta parkingeko sarbideak ere erabiltzen jarraitu ahal izango dira. 

Gainera, azaroaren 2tik aurrera, ostegun eta larunbatetako azoka Leizaola Lehendakariaren plazara mugituko da, obrak irauten duten bitartean.

Posta kalea, oinezkoentzat

Hamabost hilabete iraungo dute lanek, eta horiekin Santa Barbara plazak itxura berria estreinatuko du; parterre eta lorategi guztiak desagertuko dira, eta berdegune eragarkarriagoak jarriko dituzte. Besteak beste, landare meditarraneon berdegunea, eserleku luzeak eta eta haurrentzako jolasak izango dira. Gainera, Posta kalea oinezkoentzako bihurtuko da (plazaren zatian), eta bertan 80 metro luze izango den pergola kokatuko dute, 48 saltoki jartzeko lekuarekin. Urriaren Hamabia kalearen espaloia zabalduko dute, eta parterre gehienak kenduko dituzte. Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean, pasabide goratua eraikiko da, eta Bake kaletik Posta kaleraino doan zatia erdi oinezkoentzat izango da.

Aparkalekuari dagokionez, osorik eraberrituko dute, airea kanporatzeko sistemak berritu eta suteen kontrako segurtasuna eta irisgarritasuna hobetuko dira. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago