Kazetaritza argazki ikusgarrienak, Gasteizen

Erredakzioa 2017ko urr. 20a, 13:42

World Press Photo erakusketa, Montehermoson. /Gasteizko Udala

Asteartetik igandera ikus daiteke World Press Photo erakusketa, Montehermosoko ur-biltegi zaharrean.

World Press Photo, argazki-kazetaritzako nazioarteko lehiaketarik azpimarragarriena, Gasteizen da aurten ere. Datuek pizten duen interesa erakusten dute; hain zuzen ere, 126 herrialdetako 5.034 argazkilariren 80.408 irudi bildu ditu edizio honetan. Azkenean, epaimahaiak 143 hautatu ditu, eta erakusketa honetan egongo dira ikusgai. Montehermosoko ur biltegian.

Une-uneko argazki-kazetaritzaren adibide ezin hobea da aurten lehendabiziko saria irabazi duena; Errusiako enbaxadorea Turkian erakusketa batean hil zuten unea islatzen du. Irudia ibilbide luzeko Burhan Ozbilici berriemaile turkiarraren eskutik iritsi da. Parekorik ez duten une dramatiko hauekin batera, hainbat hilabeteko edo urteko epean zehar ateratako argazkiekin josi diren istorioak aurki daitezke, besteak beste, Ukrainaren egun beltzetakoak eta oso inguru desberdinetako eguneroko bizitzakoak.

Bilduma interesgarriaren artean topa daitezke Sioux-ek oliobidearen kontra izan duten borroka, Fidel Castroren heriotzaren ondoriozko dolua, hankarik eta besorik gabeko emakume batek kirolari bihurtzeko egin duen ahalegina edota Filipinetan drogen kontra martxan jarri zen eraso bortitza.

Montehermosoko Kulturuneko ur-biltegi zaharrean egongo da ikusgai, urriaren 20tik azaroaren 19ra, asteartetik igandera (jaiegunetan ere bai), ordutegi honetan: 11:00-14:00 eta 18:00-21:00. Astelehenetan itxita egongo da. Iaz bezala, bisita gidatuak egingo dira euskaraz eta gaztelaniaz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago