Koroatze auzoko proiektuak bultzada berria behar du

Mirian Biteri 2017ko urr. 20a, 07:00

Informazio-bilerak egiten ari dira Visesako teknikariak komunitate guztiekin; atez ateko bisitak ere aurreikusi dituzte.

Herritarren artean atxikimendu gehiago lortzeko asmoarekin, Koroatze auzoko SmartEnCity proiektuaren inguruan, hainbat ekimen jarri ditu martxan berriro ere Gasteizko Udalak; tartean, komunikazioa hobetzearena dago.

Urritik azarora bitartean, informazio-bilerak dabiltza egiten bizilagunen komunitate guztiekin; Visesako teknikari taldea ari da asteotan egitasmoari buruzko xehetasunak eskaintzen. Etxez etxeko bisitak egiteko asmoa ere badute, bi helbururekin: alde batetik, orain arte harremanetan jartzerik izan ez den bizilagunengana iristea; eta bestetik, gainerako bideak erabili eta proiektuaren inguruan erantzun gabe geratu diren zalantza eta eskabide pertsonalak argitzea.

Komunitateen eta atez ateko batzarrez gain, informazio bulegoa ere badute herritarrek eskura, Kutxa kalean; eta baita Pintore kaleko 45 zenbakiko bulegoan, 945 16 18 81 telefono zenbakian edo proiektuaren webgunean.

Txantreara bisita

Bestalde, Iruñeko Txantrea auzoan ere antzeko ezaugarriak dituen proiektua garatzen dabiltza, eta horretara atxiki diren 24 eraikinetan egiten ari diren hobekuntzak gertutik ikusi ahal izateko bisita antolatu dute larunbaterako.

Informazioa zabaltzearekin batera, Udalak erabaki du auzoaren birgaitze energetikoa helburu duen egitasmoan zenbait berrikuntza egitea. Besteak beste, beroaren hornikuntzan banakako fakturak izateko aukera eman diete bizilagunei; hala, etxebizitza bakoitzeko edo komunitate osorako izan daiteke. Orain arte proposatutako ereduan, komunitateek kontratua sinatu behar zuten beroaz hornitzen zuen enpresarekin. Azken horrek komunitateari fakturatuko lioke atariko etxebizitza guztien hileko kontsumoa, eta komunitatea arduratuko litzateke auzoko bakoitzari kontsumoak kobratzeaz. Sistema horrek zalantza asko sortu ditu, eta hori dela eta, hornikuntza kudeatuko duen enpresak eredua berraztertu du.

Bestalde, Aldabe gizarte etxea eta inguruko zenbait saltoki ere bero-sarean sartuko dituzte.
Esan bezala, auzotarren atxikimendua lortu nahi dute bultzada berri honekin; proiektuak aurrera egin dezan, 750 etxebizitzen babesa behar dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide