Eguzki plakak instalatzen hasi dira Errekaleorren

Erredakzioa 2017ko urr. 16a, 09:56
Irudia: Errekaleor Bizirik

Guztira, 270 plaka instalatuko dituzte, ekainean abiatu zuten diru-bilketa kanpainari esker.

Asteburuan, eguzki plakak jartzen hasi dira Errekaleor auzoan. Azken hilabeteetan, plaka horiek erosteko diru-bilketa kanpaina egin ostean, eta instalazioaren diseinua amaitu dutenean, eguzki plakak jartzen hasi dira, hegoaldera begira dagoen frontoiko horman. Guztira, 270 plaka instalatuko dituzte, eta bakoitzak 260 W ekoiztu ditzake, bere maximoan.

"Behin instalazio orokorra amaituta, 70 KW-ko ekoizpena izango du, eta sistema guztiz autonomoa izango da.  Eguzki plaka guztiak bere lekuan kokatu ondoren, energia hori biltzeko zirkuitoa osatuko dugu, bateria sistema handi batekin, argindarra elkarbanatzen ditugun guneetara eta etxeetara bidaltzeko", zehaztu dute ohar baten bidez Errekaleor Bizirikeko kideek.

"Jendearen babesa eta elkartasuna izan dira energia burujabetzarako bidean jauzi izugarri hau ematea ahalbidetu dutenak, izan ere, ia 110.000 euro lortu genituen ekainean abiatutako crowfunding kanpainari esker. Errekaleor bizirik eta argitsu mantentzea jende ugariren nahia dela argi gelditu zen beste behin ere", gaineratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide