"Green Day taldearekin lan egin ostean, eskaera asko jaso ditut"

Mirian Biteri 2017ko urr. 14a, 08:12

'Miraruido' bezala ezaguna den Joseba Elorza ilustratzaile gasteiztarrak musika talde kaliforniarraren 'Too dumb to die' lyric bideoklipa sortu du.

Formazioz soinu teknikaria bada ere, zaletasuna ogibide bilakatzea lortu du Joseba Elorza Miraruidok, (Gasteiz, 1983); hain justu ere, sortzen dituen ilustrazioez eta animazioez bizi da gaur egun. Euskal Herritik baino, atzerritik jasotzen ditu proposamen gehienak, azkena, Green Day musika taldearena izan da. Kaliforniarren Too dumb to die bideoklipa sortu du. Bizitako esperientzia kontatzearekin batera, esku artean dituen proiektuen gainean egin du berba ilustratzaileak.

Nola sortu zen Green Day taldearekin lan egiteko aukera?

Abuztua hasi baino lehen, Warner Bros konpainiako batek e-maila bidali zidan zuzenean, Green Day taldearentzat lyric bideo bat egiteko proposamenarekin. Oso pozik hartu nuen agindua. Baina, Amazon Estudiosentzako beste lan bat amaitzen ari nintzen, eta denboraz nahiko gaizki nenbilen. Astebete itxaroterik ahal zuen galdetu nion, eta baietz esan zidan; presarik ez zutela. Ezin utzi horrelako proposamen bat.

Zer ezberdintasun dago lyric eta ohiko bideo baten artean?

Lyric bideo batean letra sartu behar da. Pertsonalki, niri ez zait asko gustatzen, letra sartzea ez dudalako gustuko; nahiago dut irudiak bakarrik jorratzea. Aurretik ere eginda nuen lyric bideo bat, eta hortaz, banekien zelako lana zen. Zerbait pertsonala da; nahiago dut bideoklip normalak sortzea.

Nolakoa izan da esperientzia? Zenbat denbora eman zenuen Green Dayren bideoklipa egiten?

Bost bat aste izan ziren. Beraiek presarik ez bazuten ere, nik irailerako nituen oporrak hartuta, eta hortaz, lan ikaragarria egin nuen denbora tarte horretan. Baina, pozik geratu naiz emaitzarekin, eta bezeroak eta taldearen jarraitzaileak ere gustura geratu omen dira.

Kontakturik izan al duzu musika taldeko partaideekin?

Ez, Warnerrekoarekin bakarrik hitz egin nuen. Kasu honetan, gainera, komunikazio gutxi egon zen. Bezero handiei, normalean, kontrola izatea gustatzen zaie. Baina, kasu honetan, ez. Hiruzpalau irudirentzako proposamenak bidali nizkien, gustuko zituzten eta bideoa egiteko agindua eman zidaten. Bidali eta oniritzia jaso nuen. Oso erraza izan da beraientzako lan egitea; ez da normalena izaten hori, bereziki bezero garrantzitsuen artean.   

Berri Txarrak taldearentzat ere lan egin duzu; besteak beste, hiru bideoklip egin dizkiozu. Nolakoa izan da nafarrentzako lan egitea? Komunikazio gehiago egon da kasu horretan?

Bai, Gorka Urbizurekin harreman zuzena nuen whatsappez. Beraiek ere bazituzten hainbat proposamen, eta iritzia emateaz gain, aldaketak egiteko ere eskatzen zuten batzuetan. Normalena da hori.

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 122. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide