Kaleen izenak aldatu ordez, testuinguruan jarriko dituzte

Erredakzioa 2017ko urr. 9a, 16:33

Memoria Historikoaren Plana aurkeztu du Gasteizko udal gobernuak. EH Bildu kritiko agertu da, eta Urtaranen "protagonismo nahia" salatu du.

Memoria Historikoaren Plana aurkeztu du Gasteizko udal gobernuak: "Garbi dugu –esan du Gorka Urtaran alkateak– erreparazioak ez duela inola ere gorrotorik, mendekurik edo errebantxa orokorrik adierazi nahi".
Ildo horretan, urtea amaitu aurretik, "memoriaren tokietan" seinaleak jarriko ditu Udalak, eta azalpenak  jasotzen dituzten monolitoak kokatuko ditu Santa Isabel hilerriko horman, Karmeldarren plazan, Bake kalearen antzinako kartzelan eta Bihotz Sakratua ikastetxean, –atxiloketa zentroa izan zen tokian–.
Halaber, hiriko zenbait eraikinetan eta etxeetan dauden sinbolo frankistak testuinguruan kokatzeko neurriak hartuko dituzte. Hala, Andre Maria Sortzez Garbiaren katedralean eta Gobernu Ordezkariordetzan dauden  armarrien esanahia azaltzeko xaflak jartzea proposatu du Udalak, eta Olarizuko gurutzearen inguruan memoriaren gune bat sortzea. Era berean, oraindik xafla frankistak dituzten jabeen auzoko elkarteei gutunak bidaliko zaizkie hil honetan, eta horiek kentzeko modua eskainiko zaie.
Planak jasotzen duen beste neurri bat da hainbat kaleren izenak aldatu ordez, deitura horiek azaltzeko xaflak jartzea: Ballester Apezpikuan, Bueno Monreal Apezpikuan, Pedro Orbean, Jose Lejarretan, Vicente Abreu Margolarian eta Luis Maria Uriarten.

Zilarrezko dominak

Bestalde, Urtaranek azaldu du frankismoan zenbait laguneri emandako hiriaren dominaren inguruan, txosten tekniko bat agindu duela udal gobernuak, domina hori kendu ala ez erabakitzeko. Adituen txostenaren arabera, Jose Maria Diaz de Mendibili, Luis Ibarra Landeteri eta Francisco Peralta Ballabrigari domina kentzeko arrazoirik ez dago; Faustino Ortiz de Zarate Beitiari, berriz, domina kenduko zaio "diktadura argi goresten" zuelako.
Azkenik, Udalak aurkezturiko planak aurreikusi du hurrengo urteko martxoaren 31n frankismoaren biktima guztiei omenaldia egitea, eta 2018rako Memoriaren Ibilbidea eta frankismoaren biktimen errolda ofiziala osatzea.

EH Bildu, kritiko

EH Bilduk Urtaranen "protagonismo nahia" salatu du; Memoria Historikoaren taldeko "kontsentsua alboratzea" eta "aldebakarreko erabakiak" hartzea leporatu dio ere Ane Aristi zinegotziak: "Hamar hilabetetan ezertxo ere ez egiteaz gain, mahai gainean jarritako neurriek polemika eta ezadostasuna besterik ez dute sortzen".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide