'Vitoria, 3 de Marzo’ pelikula grabatzen hasi dira

Erredakzioa 2017ko urr. 9a, 16:09

Oraindik, 1976ko gertakizun historikoen birsorkuntza egiteko boluntarioak behar dituzte.

Martxoak 3ko gertakizunak kontatuko dituen filma grabatzen hasi dira Gasteizen. Hirian bertan errodatuko da osorik filma, eta gaur hasita, bost edo sei astez luzatuko da filmazioa. Victor Cabaco izango da zuzendaria eta  produktoreak Oskar Bañuelos kazetaria eta Sonora Estudios eta Gariza Films enpresetako Pako Ruiz eta Asier Bilbao dira. Gidoia Juan Ibarrondok eta Hector Amadok landu dute, eta Gaizka Bourgeaud da argazki zuzendaria. Lehendabiziko egunean, grabaketa San Miguel elizan eta Gasteizko industriagunean kokatu da.

Boluntario bila

Pelikularen zenbait eszena grabatzeko, gasteiztarren parte hartzea eskatu dute filmeko arduradunek eta Martxoak 3 elkarteak. Izan ere, 1976ko gertakizun historikoen birsorkuntza egingo dute, eta boluntarioen laguntza behar dute. "Gure asmoa duela 41 urte gertakarien lekuko izan ziren tokiak gasteiztarrez betetzea da Vitoria 3 de marzo film luzean. Filma Gasteizko herriaren omenaldia izango da bertan egon ziren eta eraso kriminala jasan zuten pertsona guztientzat", adierazi dute elkartetik.

Hala, urriko eta azaroko zenbait egunetan egingo dira grabaketak, eta parte hartu nahi duen edonork elkarteko kideekin harremanetan jartzeko aukera ezberdinak dauzka: Izen ematea online edo Whatsapp bidez (644 847659). Dagoeneko, 300 pertsonak baino gehiagok eman dute izena, baina oraindik jende gehiago behar dutela adierazi dute.

Filma egiteko aurrekontu mugatua dute, 1,5 milioi euro hain zuzen ere; Jaurlaritzaren Kultura sailak, Espainiako Kultura Ministerioak, Arabako Aldundiak, Gasteizko Udalak eta ETBk babestu dute egitasmoa.

Irudiak: Vitoria, 3 de marzo pelikula 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide