Gaur hasi da Gasteiz Hobetuz programan bozkatzeko epea, eta hilaren 22ra arte egongo da zabalik. Herritarren 60 proiektu lehiatuko dira, 2018 eta 2019ko aurrekontuetan sartzeko. Hemendik aurrera, gasteiztarrek gehien atsegin duten proiektua bozkatzeko aukera izango dute, eta boto gehien jasotzen duten horietara bideratuko da hiru milioi euro arteko kopurua, datorren urtean eta 2019an.
Bozkatu ahal izateko, nortasun-agiria edo Herritarren Udal Txartela aurkeztu beharko da, bi bide baliatuz: online edo eta aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoen lan-ordutegian (9:30etik 20:00etara). 16 urtetik gorakoek bozkatu ahal izango dute, Gasteizen erroldatuta daudelarik.
Proposamen anitzak
Proiektuei dagokienez, askotariko proposamenak aurkitzen dira, eta bost arlotan daude banatuta: Gasteiz Green, Aisialdirako eta topaketerako guneak, Gasteiz hiri seguruagoa, Hezkuntza, Kultura, Berdintasuna eta Sentsibilizazioa eta Gasteiz etengabe ari da eraberritzen. Tartean, proposamen ezberdinak aurkitzen dira. Batzuk azpiegitura berriak jartzeko proiektuak dira, adibidez, Borinbizkarran ortuak jartzea, Zabalganatik Armentia basora doan eraztun berdea osatzea, txakur-parke baten eraikuntza, Kalistenia egiteko parkea edo Zaldiaran plaza hobetzea. Beste batzuetan, ordea, herritarra da protagonista: Wifia denontzat, Berdintasunerako eta Ahalduntzeko Eskola Txikia, Zeledon Photocall eta Haurren auzoa egitasmoak aurkitzen dira.
Euskararen mapa
Aurten, euskarari lotutako proiektua ere aurkeztu dute, Gasteizko euskararen mapa egitea planteatzen duena; Atzoko arrastoak eta gaurko baliabideak. Alde batetik atzoko arrastoak ikusaraziko lirateke, eta bestetik, gaur egun hirian dauden baliabideak balorean eta ikusgai jarriko lirateke (Euskaltegiak, Oihaneder Euskararen Etxea, Udalaren Euskara Zerbitzua, Euskara elkarteak, argitaletxeak, kulturguneak eta abar...).