Transmisioa eta emakumearen rola, Judimendiko horma-irudi berrian

Erredakzioa 2017ko urr. 9a, 09:57

Irantzu Lekue artista arabarrak gidatu du proiektu parte-hartzaile hau, eta besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlearen laguntza izan du.

Judimendiko parkeak horma-irudi berria estreinatu du Federico Baraibar kalean, oraingoan auzoaren historiari oso lotuta dagoena. Irantzu Lekue artista arabarra izan da Ahoz aho izeneko proiektuaren arduraduna, eta besteak beste, Toti Martinez de Lezea idazlearen laguntza izan du. Lekuek erdigunean kokatuko du emakumea, eta dagokion garrantzia ematen dio bizitzaren, sinesmen eta jakinduriaren igorle bezala.

Izan ere, muralak, mitologiaren ikuspuntutik, emakumeak nekazaritzaren, hizkuntzaren eta artearen egile bezala eta tradizioen edo sinesmen transmisioan izan duen rola izango du ardatz. Gainera, proiektu muralistiko parte-hartzailea hau Jose Miguel de Barandiaranek, Rosa Izizek, Felix Placerrek eta Ana Izik egindako lanetan oinarritzen da, baina baita, Martinez de Lezearen testuetan, eta Lekueren eta idazle arabarraren arteko elkarrizketetan. Era berean, artista Ekainera, Zugarramurdira, Baltzolara edo Marulegorretara joan da, leku horiek ere inspirazio iturri izan baitira.

Emakumea, ardatz

65 metroko luzera duen muralean emakumeak agertuko dira Historian zehar. Emankortasunaren jainkosa edo kreazioaren jainkotasuna ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. Ohituren edo errituen erakusketa izango da. Hala, pigmentuak aurkitzen, leizeak margotzen eta ahozko transmisioa lantzen dituzten emakumeak ikusiko dira. "Ibai bat ere ikusten da. Judimendik ibaiak dauzka eta ikertzen nuen bitartean udako solstizioari lotuta dauden hainbat tradizio ezagutu ditut. Araban, adibidez, ibaian bainatzen ziren gorputza sendotzeko; iturrietan ilea garbitzen zuten gogorrago eta gehiago hazteko; iturrira edo ibaira botatzen zituzten lanabesak, aitzurrak, aiztoak, aizkorak, ilargiaren argiak zorrozteko", azaldu du Lekuek.


Graffitia eta muralismoa

Murala egiteko bi teknika lotu dituzte: graffittiarena eta muralismoarena; batetik, Lekueren pintzelak, bestetik, Fill in Culture elkarteko graffitigileen espraiak. Era berean, auzokideen laguntza izan du artista arabarrak.



 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide