Gasteiztarrak Arraun The World lehiaketaren argazki saridunak, ikusgai

Erredakzioa 2017ko urr. 9a, 10:58

'Guatemalako udaberri beroak', Kauldi Iriondoren lana.

Argazki erakusketaz gain, irabazleek beren lanak aurkeztuko dituzte, auzo ezberdinetan.

Oihaneder Euskararen Etxeak antolatzen duen Gasteiztarrak Arraun the world argazki-hizki lehiaketak baditu irabazleak. Ohiko lehiaketara aurkeztutako 27 lanen artean, Kauldi Iriondoren Guatemalako udaberri beroak; Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarretaren Pamir mendietan, Zetaren bidea desegiten; Gaizka Untzuetaren India, fede kontua eta Arabako Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren Mugak Zabalduz lanak izan dira irabazleak. Publikoaren Gazte Sariari dagokionez, Leire Ruiz de Apodaka gailendu da, Paisos Catalans lanari esker.

Nabarmentzekoa da ohiko lehiaketara aurkeztutako lagunen profila gaztea eta emakumezkoa izan dela. Izan ere, aurkeztutako 27 argazki-sortetatik hamasei 30 urtetik beherako gazteek bidalitakoak izan dira, eta beste hamabost emakumezkoek eginak. 

Epaimahaiari dagokionez, Sarburu elkartea, Gauekoak, Zizta Euskara Taldea eta GEU elkartea aritu dira elkarlanean.

Argazki-erakusketa eta aurkezpenak

Aurkezpen guztiak 19:00etan izango dira, hiriko auzo desberdinetan. Urriaren 17an, Gaizka Untzuetak India, fede kontua lana aurkeztuko du Koxka tabernan. 19an, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba plataformak egindako Mugak zabalduz lanaren txanda izango da, Txagorritxuko Libra tabernan. Urriaren 24an, Ainhoa Perez de Nanclares eta Koldo Zubizarreta Dazz tabernan izango dira Pamir mendietan, Zetaren bidea desegiten aurkezten. Azkenik, urriaren 26an, Kauldi Iriondok Candela tabernan egingo du Guatemalako udaberri beroak lanaren aurkezpena.

Aurten, argazki irabazleez gain, lehiaketara aurkeztutako beste irudi batzuk ikusteko parada izango da, pantaila digital batzuen bitartez. Era berean, Publikoaren gazte sarian parte hartutako irudiak ere ikusgai egongo dira.

Gainera, erakusketa ikustera eta aurkezpen publikoetara doazen lagunen artean, Durango inguruko Garaiko Landetxean bi pertsonentzako gau bateko egonaldia zozkatuko da. Zozketan parte hartzeko, erakusketan eta aurkezpenetan eskuragai egongo den eskuorria bete beharko da, eta azaroaren 3an jakingo dira irabazleak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago