Argia Eguna ospatuko da larunbat honetan, urriaren 7an, Gasteizen, Txikitik eragiten lelopean. Beste ehun urte irautearekin batera, gizartean eragitea dira euskal kazetaritzan aitzindaria den Argia aldizkariaren erronka nagusiak. Gero eta herritar gehiagok beren proiektua beharrezkoa dela ikustea nahi dute, "eta haiek ere bultzatu nahi dutela eta kide izan". Hala mintzatu da astekariko zuzendari Estitxu Eizagirre (Hernani-Larraul, 1979).
Gasteizen ospatuko da urriaren 7an Argia Eguna. Lehen aldiz, hiriburu batean eta lehen aldiz, Araban. Zergatik?
Argia Eguna non egingo dugun beti aukeratzen dugu mimo handiz eta ilusio handiz. Kontuan hartzen dugu eremu geografiko ezberdinetara joatea, eta potentzialtasuna; batetik, gurekin duten harremana, Argiaren harpidedunak daudelako, eta bestetik, herri mugimenduen aldetik bizia izatea. Gasteiz oso fuerte dago azken boladan, eta behin eta berriz etortzen zitzaigun gogora. Aldatzen joatea ere gauza ona da. Iaz egin genuen Ondarroan, Bizkaiko herri txiki batean, kostaldekoa; aurreko urtean egin genuen Oñatin, Gipuzkoako bailara batean, oso izaera berezia garatu duena herri mugimenduetan.
Kontuan hartzen al du Argiak egunerokoan lurraldetasuna? Gipuzkoaz harago Euskal Herria ba al dago Argian?
Bai. Gure oinarrietako bat da eta baloreetako bat da. Guk gure burua identifikatzen dugu Euskal Herriko proiektu bat bezala. Edozeinek kazetaritza egiten duela badaki zer ezaugarri dituen gure herriak: bi estatutan banatuta eta estatu baten barruan, bi administrazioen menpe, eta hori beti dago hor. Ez da beti erraza izaten horrekin lan egitea, baina guk Euskal Herria independente batentzako egiten dugu lan, zazpi probintziakoa.
Arabak badu behar duen pisua Argian?
Gure buruarekin kritikoa izatea gustatzen zaigu. Zapalkuntza guztien ondorio diren subjektu guztietan: lurraldetasunaren aldetik, gizon eta emakumeen arteko orekan, arrazan… bi modutan lantzen saiatzen gara gaiak: batetik jarraipen espezifiko bat eginda, gure kasuan hori elikatuko litzakete Arabako korrespontsalak edo iritzi emaileak lortuta, edo beste batzuetan gai zehatz batzuei jarraipena egiten. Beste aldetik, gai batzuk landu behar ditugunean presentzia gutxiago dutenei espazio gehiago ematen saiatzen gara, emakumeen kasuan esate baterako, edo hain justu gipuzkoa-zentrismotik urrutien dauden zonaldeetara joanez. Saiatzen gara, baina onartu behar dugu puntu ahula ere badela.
Zeintzuk izan dira Argian azken urteetan eman diren aldaketa nagusiak?
Krisi ekonomikoari lotuta edo Euskal Herrian gertatu diren zenbait gaieri lotuta, –ETAk borroka armatua alde batera uzteko erabakia, adibidez–, gure burua birkokatzen joan gara, eta balore oinarriak birdefinitu ditugu: gure ildo editoriala markatu dugu, eta definitu dugu zer den kazetaritzatik elikatu nahi duguna. Perspektiba batetik lantzen dugu guk informazioa: inor ez da neutroa eta guri gustatzen zaigu mahai gainean, agerian, jartzea guk nondik idazten dugun. Talde bezala egin duguna da kohesioa bilatu, eta horretarako proiektuan lan taldeak sortu. Azken aldian ere ari gara pentsatzen zuzendaritzaren osaketan, eta mahai gainean dagoen aukeratako bat da zuzendaririk gabe funtzionatzea. Horrek mahai gainean jartzen du noraino Argian talde edo kolektibo bat den, eta ez pertsona batzuetan oinarritutako ezer.
Beraz, zerk definitzen du Argia?
Baloreek: independentziak, euskal zaletasunak, euskarak, lurraldetasunak, feminismoak, ekologismoak. Informazioa balore horietan oinarritzen dugu, eta herri honen botere guneek egiten duten lanaren jarraipena egiten saiatzen gara, eta martxan dauden alternatibak, gure baloreetan aitzindariak direnak edo gizartea eraldatzeko asmoa dutenak ezagutarazten ditugu. Guk ulertzen dugu kazetaritza gizartean eragiteko modu bat dela, informazioa eman eta jasotzeko eskubidea dugu.
Zer garrantzia dute Argiakideek?
Garrantzi handia ematen diogu Argia-lagun bakoitzari, are gehiago gutxi diren zonaldeetan; guretzat inportantzia handia dauka harpidedun hori, hain justu bakarra delako bere herrian. Argiako kideen meloia zabaldu dugu; hala, bakoitzak nahi duena jasotzen du Argiatik, batzuk astekaria, internet…, eta bakoitzak ematen dio Argiari nahi eta ahal duena. Jendeak oso ondo jaso du mezua, eta erantzuna izan da gero eta babes handiago duela Argiak.
Euskal komunikabideen esparrua zuk aipatu dituzun balore horietatik urrun edo hurbil ikusten duzu?
Badaude ardatz desberdinak. Euskararen ardatzean bat egiten dugu euskara hutsean funtzionatzen duten komunikabideekin, badugu elkartzen gaituen elementu bat, azken batean euskaraz funtzionatzeak ondorio zuzen batzuk dituelako edozein proiekturentzat. Elkarlana bultzatzen dugu herri hau gero eta gehiago euskalduntzeko, jendeak ohitura izan dezan euskaraz informatzeko, eta abar. Beste ardatz bat dugu, balore hauetako bakoitzaren inguruan lan egiten duten medioekin; izan daiteke medio sektorialak, edo orokorragoak, euskara hutsean edo ez, baina balore hauetan lan egiten dutenak, eta horiekin ere saiatzen gara elkarlana bultzatzen. Guk aukeratu dugu non egon, eta badakigu beste medioek aukeratzen dutela non dauden, batzuek komunikatzen dute argiago eta beste batzuek ez, eta guk errespetatzen ditugu bakoitzaren aukerak.
Nola ikusten duzu euskaraz egiten duten medioen esparrua?
Informazioaren kalitatearen ikuspegitik, ikusten ditut saneatuago erdarazko nagusiak baino. Eta uste dut euskarazko komunikabideetan daukagun aukera badela anitza, zabala eta gai oso interesgarriak euskarazkoetatik jarraitzen ditugula erdarazkoetatik baino.
Zeintzuk dira Argiaren erronka nagusiak?
Gurean erronka beti da irautea. 2019an beteko ditugu ehun urte, eta guretzat urte bakoitza da erronka. Hori lotuta dago behar materialekin, baina badaude beste erronka batzuk gehiago betetzen gaituztenak. Guk, kazetari bezala eta kazetaritza proiektu bezala, badaukagu erronka gero eta jarraipen hobeagoa egitea gaiei, bilatzea modua ditugun baliabideekin egoteko momentu batzuetan lehen lerroan, beste medioekin batera. Erreferentzialtasun hori irabaziz, gure erronka ere bada gero eta herritar gehiago ikustea gure proiektua beharrezkoa dela, eta haiek ere nahi dutela bultzatu eta kide izan.
Garrantzitsua da erreferente izatea?
Erreferentzialtasuna lortzen duzunean ikusten duzu lana ondo egiten duzula, sektore batzuetan kontuan hartzen zaituztela, batzuetan bilatzen zaituztela informazioak emateko edo esklusiba txikiak. Indarra izatea inportantea da Argia ahalik eta ondoen zabaltzeko, eragin soziala izateko.
Multimedia esparrua asko landu duzue; nola kudeatzen ditu Argiak papererako edukiak eta interneterako edukiak?
Pozik gaude ikusten dugulako euskarri bakoitzak baduelako bere funtzioa. Pozik gaude ikusten dugulako papereko irakurleak hazten doazela, eta hazten doazela ere interneteko sarrera kopurua eta sare sozialetakoak.
Lantaldea ondo ari da moldatzen testuinguru horretan?
Bada halako kaos maitagarri bat. Egunerokoak esaten digu kazetariok trebatzea medio ezberdinetan ez dela hainbeste kostatzen, eta guretzat aukera handi bat bezala ikusten dugu. Kazetari bakoitza espezializatzen da, bakoitzak egiten dio jarraipena gai bati, eta gero gai bakoitza garatzeko daukagu medio, euskarri eta logika desberdinak. Kazetari bakoitzak kudeatzen du gai horren barruan zer den berehalakotasuna duena eta lehenbailehen kubritu beharrekoa, zer den grafikoki garrantzia duena eta orduan facebooken edo twitterren komentario oso pertinente batekin ondo zabaldu daitekeen informazioa, eta zer den sakonago, astekarian, zabaldu daitekeena.
Papereko Argiaren etorkizuna ez dago zalantzan?
Guretzat astekaria bada aste osoaren zentro lana, geroz eta peleatuago daude aldizkariko orriak. Hortik aurrera, kazetarien artean bai ikusten da gero eta gehiago interneterako produzitu beharra, egunerokoan mugitzen delako informazio asko, jendeak egunero informazio berria jaso nahi duelako, eta Argiak gero eta gehiago jotzen du informatzera, baina aldi berean astekariarekin oso gustura gaude. Kazetari bezala merezi du aldizkarirako zerbait idaztea, landua, eta hor gelditzen dena, publikatuta. Gainera, astekariko lan elaboratua ere estimatzen da interneten, web orrian eta sareetan.
Erraza da oreka mantentzea?
Guk talde bezala proiektua babesten dugu, sinisten dugu, eta asko elikatzen dugu. Taldean elkarren artean ondo egotea gustatzen zaigu, harreman onak izatea, bakoitzak sentitzea garapen pertsonalerako aukera duela taldearen barruan, eta egiten duenak asetzen duela. Hiru gauza zaintzea nahi dugu: proiektua, taldea eta pertsona, eta denok ondo bizi. Desorekak orekatzeko oinarri oso ona da hori. Argian bakoitzak ematen du berak daukan gogoaren arabera edo emozioaren arabera; nola normalean jende emozionatua garen, orduak egiten ditugu, baina ez dugu fitxatzen, ez ditugu ordu estrak sartzen, eta neurriko lana egiten dugu. Gure baloreekin koherentea izatekotan, uste dugu Argian bizitzea izan behar dela ondo bizitzearen sinonimoa; estutasun momentuak izaten dira, baina estutasun momentuak luzatzen direnean gaiak mahai gainean ateratzen dira, eta eztabaidatzen ditugu.
Argia Egunarekin batera, zer da prestatu duzuena larunbaterako?
Adin guztientzako eta gustu ezberdinentzako ekitaldiak izango dira. Ibilbide gidatuak daude Gasteizko historia eta euskaltzaletasunaren txokoak ezagutzeko, tailerrak eta umeentzako jolasak goizean, herri bazkaria, eta arratsaldean jolasak, eta NAN jaurtiketa –iaz mundu mailako errekorra hautsi genuen–.Gauza desberdinak eta bitxiak izango dira, Argia zaleak elkar ezagutzeko, auzolanean. Giro lasaia eta polita izango dira nagusi.