4.600 pertsona aurkeztuko dira Gizarte Ongizaterako lehen probara

Erredakzioa 2017ko urr. 6a, 09:45

Lehen proba datorren larunbatean egingo dute Gasteizen. Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak 80 plaza eskainiko ditu eskaintza publiko honetan.

Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE) enplegu publikoaren eskaintzarako lehendabiziko deialdia luzatu du. Azterketak datorren larunbatean izango dira, hilaren 7an, eta 4.600 pertsona inguruk eman dute izena.

Eskaintza publiko honetan onartutako oposiziogileen kopuru handia dela eta, azterketak multzoka egingo dira. Izan ere, GOFEk 80 plaza eskaini dituen deialdi honetan 4.583 izangai aurkeztuko dira, eta horietatik 3.021 administrari kategorietan eman dute izena.

Probaren ordutegiak

Azterketak egiten lehena B taldea izango da; hots, fisioterapeutaren eta langile kudeaketaren arloko teknikari ertainak. Hala, 10:00etan egin beharko dute proba BAKH-Baskonia Kirol Hirian, D taldearekin (sukalde laguntzaileak) batera.

Ondoren, C taldeko izangaien txanda izango da; hau da, informatikako administrari eta teknikariena. Talde honetan dauden oposiziogileen kopurua handia denez, azterketa aldi berean egingo da lau lekutan: Buesa Arena, BAKH, Iradier Arena eta Mendizorrotzeko futbol zelaiko atletismo modulua. 

Probak 14:00etan amaituko dira, A taldeko plazei dagozkien deialdietako azterketarekin. Besteak beste, medikuntza orokorreko, administrazio orokorreko eta pedagogiako goi mailako teknikarien kategorian izena eman dutenak arituko dira.

Informazio gehiago www.araba.eus/ifbs/portalempleo web orrian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago