Taula boteretsua

Anakoz Amenabar 2017ko urr. 6a, 09:05

Azaroaren 10ean helduko da Principalera 'Sueño' lana. / Luis Castilla

Gaur altxatuko du teloia Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak. Lau hamarkada baino gehiagoz, antzerki klasikotik abangoardiako lanetara, askotariko generoak elkartu ditu hiriburuko antzokietan

 

Diktaduraren azkeneko urteetan loratzen hasi zen Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdia. Kultura kezkak eta askatasun gogoak bultzatuta, La Farandula taldearen ekimenez, 1975eko irailaren 29an eman zioten hasiera, Florida antzokian, urteetan proposamen berritzaile eta alternatiboei bide eman dien jaialdiari. Geroztik, Els Joglars, Comediants, La Fura Dels Baus, Mummenschanz, Teatro Negro de Praga, La Cuadra, Lindsay Kemp, Dagoll Dagom, La Zaranda eta beste hamaika talde interesgarrik utzi dute arrastoa publiko arabarrean.     

"Jaialdiaz ditudan nire lehenengo oroitzapenak oso onak dira, zoragarriak; hain zuzen, garai hartako proposamenek eta antzezlanek bultzatu ninduten ogibide madarikatu hau aukeratzera", gogoratu du, barrez, Txubio Fernandez de Jauregi aktoreak. Erreferentziako jaialdia zen Gasteizkoa, eta beste hiriburu batzuetako lagunak gerturatzen ziren  azken proposamenekin gozatzera. "Gozamena zen, halako maila zuten lanak etxe ondoan ikusi ahal izatea; trantsizio hasiera zen eta ezjakin baina jakin-minez harrapatu gintuen jaialdiak. Halako proposamenekin antzokian sartzeak liluratuta uzten gintuen".

Ikusle moduan ez ezik, taula gainean izan zuen lehenengo esperientzia ere gogoan du Fernandez de Jauregik, umorez. La Farandula taldearen obra baterako prestatu zuten eszenografia Florida antzokiko ateetatik sartzen ez zela ikustean hasi ziren komeriak. "Halako leku sakratu batean genituen amets eta itxaropen guztiak bertan behera geratu zitzaizkigun atearen neurria gaizki hartu genuela eta ergel batzuk ginela konturatu ginenean... hasiera txarra izan zen, baina handik aurrera gorabidean beti kar kar". 

Urteotan ez dio begirik kendu Antzerki Jaialdiari, baina garai bateko proposamenak faltan botatzen ditu. Egungo jaialdia "ahul" ikusten duela dio. "Uste dut programazio konbentzional bat duela gaur egungo Gasteizko jaialdiak, beste edozein hirik izan dezakeen programazioa dela, eta ez dela zertan nazioarteko jaialdia izan", aipatu du, kritiko, Fernandez de Jauregik. Denbora tarte luzean eskaintzea, gainera,–urria eta azaroa bitartean– jaialdia bizitzeko modua ere aldatzen duela uste du. "Egitarau guztia astebetean kontzentratzeak bestelako pisua ematen dio jaialdiari; publikoa batu, eztabaidak partekatu eta zerbait sortzen den sentsazioa duzu. Momentu honetan jaialdiak ez du debaterik sortzen hirian, ez du ekarpen sendorik egiten".    

Jaialdiak aurrera egingo badu, "arriskua" hartu behar duela uste du, eta aldaketak egin. Kritikak kritika, ordea, proposamen interesgarrien bila jaialdia gertutik jarraituko duela dio Fernandez de Jauregik, eta aktore lanetan ere izango da Los Visitantes lanean eta Monstrenka taldearen Hay alguien ahí pieza berriarekin.

Jaialdia, pizgarri

Jaialdia hasi zeneko oroitzapen zoragarriak ditu Carmen San Esteban aktore gasteiztarrak, eta  urte haiek izan ziren harentzat ere taula gainera salto egiteko pizgarri. Astebeteko epean, egunean hiru lan ikusten zituzten: 20:00etan, 22:00etan eta "sesio golfoa". "Izugarriak izan ziren ikusi ahal izan genituen lanak, beste ideia eta mundu batzuetara begiak ireki zizkigutenak; zoriontsuak izan ziren 80. hamarkadako jaialdi haiek, pizgarri eta askatasunez beteak".    

Gaur egun lan interesgarriak eta ezohikoak aurkitzeko aukera eskaintzen du Gasteizko Jaialdiak, San Estebanen arabera, baina bi hilabetez luzatu beharrean, denbora gutxiagoan antolatzearen aldekoa da aktore gasteiztarra ere. "Gehiago gozatzen dut kontzentratuta dauden jaialdiekin; nazioarteko lanekin, bertakoekin eta berritzaileekin". 

Bizirik dagoena. Errepikaezina.  Iragankorra. Eta bizi izan dutenen memorian bakarrik geratuko dena. Halakoxea da antzerkia, San Estebanen ustez, eta horregatik maite du. "Horregatik bakarrik demasa iruditzen zait, eta horregatik jarraituko dut proposamen berrien bila". Izan ere, ofizioa izatearekin batera aisialdia ere bada harentzat antzerkia, eta ez du hutsik egingo Gasteizko Jaialdian. "Baratza aretoko lagunek prestatzen duten lana adi jarraituko dut, eta konpainia berri batek aurkeztuko duen El mono habitado ikusteko irrikaz nago, beste batzuen artean; proposamen interesgarri ugari dago".

"Arte boteretsua"

Eszena-Arte Tailerreko komunikazio arduradun eta antzerkizale izanik, ondo aztertu du aurtengo jaialdiko egitaraua David Manganak, eta aukeratu ditu galduko ez dituenak: "Hiru dira niretzat ezinbesteko. Batetik, Sueño; Andres Lima zuzendaria aukera segurua delako eta Ainhoa Santamaria tartean delako.Bestetik, Edgar Allan Poe´s Haunted Palace; kutsu berezia aurreikusten zaiolako. Eta azkenik, Soka; Iñaki Rikarte bakarrizketa baten erronkaren aurrean ikusiko dugulako".

Kalitatea eta aniztasuna dira jaialdiaren iparrorratza, Manganaren ustez, eta horri esker jaio eta zabaldu da zaletasuna hirian. "Publikoa da jaialdiaren erdia, eta urtez urte mantentzea saria eta erronka da, aldi berean". Oraindik Principal eta gainerako antzokiak bisitatu ez dituztenei bertaratzeko gomendioa egin die kazetariak, "birusa gero eta gehiago zabaldu dadin". Kuriositateak eraman zuen Mangana antzerkira, komunikabide batek egin zuen promozio bati esker, eta geroztik ez du aukera galdu: "Kupoia moztu eta gero ilara egin behar izan nuen bulegoa ireki arte, sarrerak lortu ahal izateko; orduak egin nituen kalean zain, antzerki-gose hura asetzeko".    

Antzerkia dibertsioa da, hausnartzeko, elkartzeko... tarteko pantailarik gabeko lekua. Txubio Fernandez de Jauregi eta Carmen San Estebanen antzera, David Manganarentzat ere sorkuntza magikoena da hau: "Besaulkian eseri eta, instant batean, onartu duzu zure aurrean gertatzen ari den hezur-haragizko fikzioa benetakoa dela. Hori boteretsua da".

Urriaren 6an hasi eta azaroaren 26ra bitartean, egunerokoa bazter batean utzi eta "mundu boteretsu" horretan murgiltzeko aukera izango da Gasteizko Antzerki Jaialdian.

 

Jaialdia, egunez egun

Principal Antzokia

Urriak 6 Noche de reyes/ Twelfth Nights. Cheek by Jowl.

Urriak 13 Voronia. La Veronal.

Urriak 19 Sueños. Compañía Nacional de Teatro Clásico.

Urriak 21 Del infierno al paraíso. No gravity dance company.

Urriak 25 Soka (euskaraz). Tanttaka.

Urriak 26 Soka (gaztelaniaz). Tanttaka.

Urriak 27 Ricardo III. Noviembre Teatro.

Urriak 31 Golem. 1927.

Azaroak 3 Los universos paralelos. Producciones Teatrales Contemporáneas konpainiarekin.

Azaroak 9 La ternura. Teatro de la ciudad.

Azaroak 10  Sueño. Teatro de la ciudad.

Azaroak 14 Obabakoak (euskaraz). Teatro Arriaga Bilbao. Calixto Bieito.

Azaroak 17 Los visitantes. Khea Ziater.

Azaroak 21 Edgar Allan Poe´s Haunted Palace. The Tiger Lillies.

Azaroak 23 La cantante calva. Pentación konpainia.

Gizarte etxeetako antzerkia

Urriak 18,19, 20 Party. Beaches. (Jesus Ibañez de Matauko antzokia).

Urriak 28 Cine. La tristura. (Felix Petite antzokia).

Azaroak 8 Best of be festival. Birminghameko jaialdiko hainbat lan bilduko ditu. (Jesus Ibañez de Matauko antzokia).

Azaroak 24 Coordenadas. Laurentzi Producciones. (Felix Petite antzokia).

familiarentzako antzerkia

Urriak 8 Ballenas, historias de gigantes. Larunbe dantza.

Urriak 15 Malas palabras. La Gotera en la Azotea taldearekin.

Urriak 22 Laboratorio inocencia (euskaraz). Krego Martin Danza.

Urriak 29 Pedro y el lobo. Títeres Etcétera taldearekin.

Azaroak 5 Euria. Markeliñe taldearekin.

Azaroak 12 Biblioteca de cuerdas y nudos. Instalazio interaktiboa.

XIII. haurtxoak proiektua

Azaroak 18 Jardin secreto. Zigzag danza. (Federico Garcia Lorca antzokia).

Azaroak 19 Jongle. Theatre Bascule. (Federico Garcia Lorca antzokia).

Azaroak 25, 26 Txokolarte. Teatro Paraiso. (Federico Garcia Lorca antzokia).  

Antzerkia zabaltzen-off lokal

Urriak 28, 29, 30, 31 Takoidun, zapata gorria (euskaraz). Piszifaktoria. (Zapatari kalea, 93. Zas aretoan).

Urriak 28, 29, 30, 31  El elefante y la paloma. El mono habitado. (Mateo Moraza kalea, 7).

Urriak 28, 29, 30, 31 Hay alguien ahí. Monstrenko Kolektiboarekin. (Monstrenka aretoa).

Antzerkia zabaltzen-baratza ARETOA

Azaroak 16, 17, 18, 19 Jokoa. Parasite kolektiboaren eskutik. (Baratza aretoan).

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago