Hiri-mugikortasuna hobeto arautzeko bidea hasi dute

Juanma Gallego 2017ko urr. 9a, 19:06
Hiria antolatzeko orduan, autoei protagonismoa kendu behar zaiela aldarrikatzen dute Bizikleteroak taldekoek. | M. Arrazola/Irekia

Hiri-mugikortasuna hobeto arautzeko bidea hasi dute Mugikortasun plana berritzen ari dira, eta Udala patinete elektrikoak arautzeko ordenantza prestatzen ari da.

Autoak, oinezkoak, bizikletak... horiek guztiak aurki daitezke hirietan, baina azken urteotan ibilgailuen ekosisteman partaide berriak sartu dira. Horiek izendatzeko "mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak" izena asmatu dute; funtsean, mota eta tamaina guztietako patinete elektrikoek osatzen dute kategoria berria. Bereziki, baterien teknologian izandako aurrerapenei esker ugaritu dira tramankulu horiek, baina momentuz ez dago errealitate berriari egokitzeko araudirik. 

Carlos Zapatero Segurtasun saileko zinegotziaren arabera, gaur egun ibilgailu hauek ezin dira oinezkotzat hartu, baina motordun ibilgailutzat ere ezin dira jo. Errealitate berrira egokitzeko Madrileko Trafiko Zuzendaritzan eratu den batzorde batean parte hartu du zinegotziak. Estatu mailako Bide Segurtasunari buruzko Legea gaurkotu bitartean, udalerriek ahalmena dute gaiari buruzko ordenantza propioak garatzeko. 

Horregatik, Gasteizko Udala ibilgailu horiek arautzeko ordenantza prestatzen ari da. Besteak beste, araudiak zehaztuko du patinetean nondik ibili ahal izango den, eta abiadura mugak ere ezarriko ditu.

Ohi bezala, lege zehatzik ez dagoenean, jurisprudentziara jo beharra dago, ezinbestean. Berriki, Arabako Probintzia Auzitegiak auto baten eta patinete baten arteko talkari buruz ebatzi behar izan du. Araudirik gabe, patinetea bizikleta batekin parekatu du epaileak, eta erantzukizuna erdiz erdi banatu du, patinetea eta autoaren artean.

Mugikortasun plana

Bestalde, 2008. urtetik Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana martxan dago Gasteizen, baina ordudanik gauza asko aldatu dira. Tartean, ibilgailu mota berri hauen presentzia. Plana gaurkotzeko lanean ari dira Mugikortasun Iraunkorraren Aldeko Herritarren foroan, CEA Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatuta. 

Foroan parte hartzen duen Bizikleteroak taldeko Diana Paniaguak azaldu du haiek ez dutela ibilgailu elektrikoen inguruko jarrerarik hartu oraingoz, baina aurreikusi du ibilgailuak arautzea zaila izango dela. "Oraindik gaia ez dugu batere garbi. Argi dago motorra duen ibilgailu bat ezin daitekeela joan espaloitik; baina patineteak ere ezin daitezke joan errepidetik".

Arazoa arintzeko, super-etxadien ereduan sakontzearen beharra azpimarratu du txirrindularien ordezkariak. Etxadiaren barruan  ahalik eta trafiko gutxien sartzeko moduko hiri antolaketak dira. Trafiko arrunta etxadien perimetrotik bideratzen da, eta barruko eremua gainerako ibilgailuei eta oinezkoei uzten zaie. 

Eredu hau mugikortasun planaren barruan dagoela azaldu du Paniaguak, baina paperean idatzitakoa ez omen da gauzatu. "Berrikuspena egitean, ondorio nagusia izan da ia ez dela ezer egin". 

"Planaren oinarrian dago jendearentzako espazioak irabazi behar direla, eta horretarako autoei protagonismoa kendu behar zaie". Bestalde, planean zehazten dena gauzatzeko aurrekonturik ez dela egon salatu du. "Alkate bakoitzak plan horretatik nahi izan duena hartu du, baina osotasunean kontuan hartu gabe".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide