Azaroaren 26ra bitartean, Amarika aretoak Metamorfosia erakusketa jarriko du ikusgai. Talde erakusketa honen bitartez, Arabak XX. mendean izan duen hiri eta gizarte eraldaketa azalduko da argazkien bitartez.
Sei artista arabar elkartu dira, eta egile bakoitzak, begirada eta estilo propioa erabilita, lurraldeak jasan dituen aldaketak irudikatu ditu, agente jakin bat edo batzuk aztertuta. Proiektuak sei zati ditu, bat egile bakoitzeko.
Besteak beste, Alex Sanchezen Bilokazioa lanak egungo espazioak eta garai batekoen elkarbizitza nabarmentzen du; Yone Estivarizen Kaosaren ordenak, diptikoen bidez, bi irudi independente elkartzeko harmonia lortzen du; eta Dani Arrizabalagaren Itxita lanak, Gasteizen garai batean funtzionamenduan zeuden lokalak erakusten ditu.