Uraren Euskal Agentziak Abetxukoko zubi zaharraren egokitze hidrauliko eta arkitektonikoa amaitu du. Batetik, lan hauekin, Zadorra ibaiaren ur-hustutze ahalmena handitu dute, Abetxuku auzorako sarbidearen eremuan. Bestetik, ondare kultural izendatutako XIX. mendeko zubiaren egitura birgaitu dute. Lanek zubi zaharraren leheneratze arkitektonikoa izan dute xede, Zadorra ibaiaren arroko zubien kultura-ondasun izendapen berriari jarraiki ( monumentu-multzoaren kategorian sailkatuta), eta Ondare eta Kultur-balioaren alde egiten duen babes-erregimenak ezarritakoa aintzat hartuz.
Zadorra ibaiak puntu horretan ur-hustuketarako ahalmen handiagoa izateko, ibaiertzetako lubeta goratuak hondeatu egin dira, arku nagusi eta bi ertzetako lehen arku txikien arteko tartean. Egitura zaharrak mantendu eta egonkortu dira, egitura, konposizio edota historiaren ikuspuntutik duten balioagatik. Izan ere, XIXko lehen hamarkadetako eraikuntza dugu.
Lan hauek 850.000 euroko aurrekontua izan dute, eta Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko asmoz, Uraren Euskal Agentziak eta Gasteizko Udalak 2012an sinatutako planaren barruan kokatzen dira.
Gamarra eta Abetxuko tarteko II.fasearen hasiera
Horrez gain, 2017a bukatu aurretik, URAk Zadorra ibaia uholdeetatik babesteko Gamarra eta Abetxuku herrien arteko proiektuaren jendaurreko informazio aldia irekiko du. Lan horiek 2018an lizitatzea aurreikusten da. Planaren II.fase honen helburua ur-goraldien arriskua gutxitzea, eta ibaiaren zein ibaiertzen ingurumen-leheneratzea lortzea da.