Araban zein Gasteizen sormenean ari diren gazteak elkartzeko asmoz, Sinergia Gunea abian jarri dute. Aurreko larunbatean, norbanakoek eta gazte taldeek garatutako hamabost proiektu aurkeztu zituzten, Judimendiko parkean.
Hala, egitasmo honek "sormenean, kulturan, artean baina baita bestelako kontuekin ere ari diren gazteen ekimenen elkargunea izatea" du helburu. Izan ere, zenbait kultur eragilek Gasteizko kultur alternatiboaren mapa sortzen hasi zirenean, ikustarazten ez ziren leku asko zegoela konturatu ziren, bestelako kultura bat loratzen ari zelako. Behin proiektuarekin hasita, gazte sortzaileek euren artean ez zirela ezagutzen edo hibridaziorako bideak falta zirela ikusi zuten. Horren ondorioz, lanean hasi, eta Sinergia Gunea abiatu zuten.
Esan bezala, hamabost proiektu aurkeztu zituzte larunbatean; besteak beste, Cristina Bereciartua kudeaketan adituak, Ane Gebara ipuin kontalariak, Irantzu Lekue artista eta muralistak, Jo! Fest jaialdiaren antolatzaileek edo Sumendi gune autogestionatutako kideek. Kulturan zein sormenean ari diren gazteentzako marko propioa eraiki nahi duten heinean, parte hartzaile guztiak arabarrak eta 18 eta 33 urte bitartekoak ziren.