Javi Dominguezek handia egin zuen orain dela hiru aste: Tor Des Geants ultra lasterketa irabazi bakarrik ez, probaren errekorra ere bi ordu baino gehiagotan hautsi zuen. Mendi korrikalari gasteiztarrak 24.000 metroko desnibeleko 330 kilometroak 68 ordu eskasetan bete zituen, inoiz egin duen lasterketarik luzeenean. Lehen aldiz parte hartu zuen Aosta bailarako (Italia) lasterketa famatuan, baina aurretik Ehunmilak irabazi edota Montblanceko ultra lasterketan oso postu onak lortuak zituen.
Noiz hasi zinen korrika egiten?
Orain dela 13 edo 14 bat urte. 30 urteetako krisiarekin hasi nintzen korrika egiten: "Maratoi bat egin behar dut", pentsatu nuen hasiera batean, eta hortik aurrera ez naiz gelditu. Hala ere, menditik korrika egiten pixka bat beranduago hasi nintzen, pare bat urte edo hiru beranduago. Aurretik ez nuen kirolik praktikatzen. Agian, futbolean jokatzen nuen noizean behin, baina ezer gutxi.
Maratoi hori egin zenuen...
Bai, engantxatu ninduten lasterketa horiek; baina, menditik korrika egiten hasi nintzenean asfaltoa utzi eta mendiko lasterketekin hasi nintzen: hasieran motzak, 30 eta 40 kilometro artekoak; eta denborarekin, gero eta luzeagoak egiten hasi nintzen. Azkenean, ultra lasterketak egiteari ekin nion eta ondo ematen zitzaizkidala ikusita, horretan jarraitu nuen, gero eta lasterketa luzeagoak egiten, horiek baitira hobekien moldatzen naizen karrerak: luzeenak.
Zein izan zen lehiatu zenuen lehen ultra lasterketa?
Hiru Handiak, 2004. urtean. Inoiz ultra lasterketa batean lehiatu gabe egotetik bosgarren postua lortzera pasatu nintzen urte horretan. Ikaragarria izan zen. Hala ere, nire lehen garaipena 2011n izan zen; Ehunmilak irabazi nituen urte horretan. Ez nuen sinesten momentu horretan. Hortik aurrera, etxetik gertuko beste lasterketa askotan parte hartu nuen. 2013an, Mont Blancen hamabigarren gelditu nintzen, nazioarte mailako lasterketa gehiagotan parte hartzen hasi baino lehen.
Beraz, Mont Blanc izan zen zure lehen lasterketa internazional garrantzitsua?
Hori da, eta hurrengo urtean, gainera, hirugarren bukatzeko aukera izan nuen ni bakarrik joanda, asistentziarik gabe. Hori oso garrantzitsua izan zen niretzat, Mont Blanceko ultra lasterkerta txirrindularitzan Frantziako Tourra bezalakoa baita; lasterketarik garrantzitsuena eta mediatikoena da. Orduan babesle bat lortu nuen, eta proba ezberdinetara gonbidatzen hasi ziren; Europa osoan korrika egiten hasi nintzen.
Zertan laguntzen zaitu Vibram babesleak?
Berarekin bakarrik lan egiten dut. Materialaz gain, bidaietan eta laguntza logistikoan laguntzen naute. Ez dut haiekin dirurik irabazten, baina nire gastu guztiak ordaintzen dizkidate.
...
Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 120. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.