Gasteizko Udalak Koroatze auzoko SmartEnCity proiektuan zenbait aldaketa egin ditu. Besteak beste, beroaren hornikuntza fakturatzeko modua aukeran izango dute bizilagunek; hots, etxebizitza bakoitzeko edo komunitate osorako izan daiteke. Izan ere, hau izan da, beste batzuen artean, bizilagunek adierazi duten zalantzetako bat auzoa eraldatzea xede duen proiektura atxikitzerako orduan. Datuek argi uzten dute: 108 komunitateetatik soilik hiru atxikitu dira; udalaren esanetan, ordea, asko dira datozeen asteetan erabaki bat hartuko dutenak. Visesako arduradunek diotenez, "ziur gaude denbora laburrean nabarmen handituko dela proiektuarekiko atxikimenduen kopurua". Gainera, saltokiak eta beste ekipamendu batzuk ere atxikitzea espero dute, eta orain baieztatu dute Aldabe gizarte etxea ere proiektuak proposatzen duen bero-sarean sartuko dela, ehun etxebizitzaren baliokidea. Neurri hauek aurrerapausu bat suposatzen dute, Europatik datorren diru-laguntza lortze aldera.
Banakako fakturazioa
Orain arte proposatutako ereduan, komunitateek kontratua sinatu behar zuten beroaz hornitzen zuen enpresarekin. Enpresak komunitateari fakturatuko lioke atariko etxebizitza guztien hileko kontsumoa, eta komunitatea arduratuko litzateke auzoko bakoitzari kontsumoak kobratzeaz. Sistema horrek errezelo handiak sortzen zizkien komunitate askori. Hori dela eta, hornikuntza kudeatuko duen enpresak eredua berraztertu du, eta zuzenean pertsona bakoitzari fakturatzeko aukera emango du, ur hotzaren edo elektrizitatearen hornikuntzan egiten den antzera.
Atez ateko komunikazioa
Azkenik, bizilagunekin komunikazioa hobetzeko ahaleginak egingo dituzte datozen asteetan. Hori dela eta, urrian eta azaroan informazio-bilerak egingo dira berriro komunitate guztiekin. Horrez gain, atez ateko informazioa eskainiko dute. Talde batek etxez etxeko bisitak egingo ditu, bi helbururekin: batetik, orain arte harremanetan jartzerik izan ez den pertsonengana iristea; bestetik, komunitate batzarretan, Kutxa kaleko etxolan, Pintore kaleko 45.eko bulegoan, 945 16 18 81 telefonoan edo proiektuaren web-orrian erantzun ez diren zalantza eta eskabide pertsonalak argitzea.