Tranbia luzatzeko lanak azaroan hasiko dira

Erredakzioa 2017ko ira. 27a, 16:09

Tranbia unibertsitaterantz luzatzeko obrak Altuna y Uriak eta Tecsak osatutako aldi baterako enpresak egingo ditu, 8,5 milioi eurorengatik eta 20 hilabeteko epean.

Gasteizko tranbia luzatzeko obrak esleitu ditu gaur Euskal Trenbide Sareak, eta esleipenduna Altuna y Uriak eta Tecsak osatzen duten Aldi Baterako Enpresa Elkartea izango dela iragarri du. Guztira, 8,5 milioi euro inbertituko dira, eta 20 hilabeteko epea izango du enpresak. Aurreikuspenen arabera, azaroan hasiko dira lanak.

Luzapen honekin, tranbiaren trazatuak 1,4 kilometro gehiago izango ditu, gaur egungo 8 kilometroei gehituz. Ibildidea diseinatzeko orduan, Floridako geralekuan abiatuta etorkizunean linea Salbururantz luzatzeko aukerak hartu dira kontuan. 

Lanen aurrekontuaren bi heren Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu, eta gainerako herena erdi bana ordainduko dute Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak.

Luzapenaren abiapuntua, Angulemako geltokia izango da. Bertatik, egungo galtzadari jarraituz, Florida kaletik luzatuko da. Ondoren eskuinerantz hartuko du eta Las Trianas zubitik igaroko da (horretarako zubia zabalduko dute). Hortik Castro Urdiales kaletik jarraituko du, eta ondoren Nieves Cano kaletik, Martinez de Aragon kalean amaituko da.

Hortaz, aurreikuspenen arabera, 2019ko udarako prest izango da tranbiaren hegoalderako luzapena. Azken hilabeteetan, Adurtzako zenbait auzokide proiektuaren aurka agertu dira, eta aurreko apirilean Tranvia No Taldea plataforma eratu zuten. Taldearen ustez, "arduragabea" da tranbia auzo horietara eraman nahi izatea. "17 milioi euro gastatuko dituzte errentagarria  ez den eta beharrezkoa ez den proiektu batean; are okerragoa, benetan tranbia nahi duten auzoak daudenean", azaldu zuten. 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago