Zinema Gaur zikloak udazkenerako prestatu duen egitaraua aurkeztu du gaur. Urriaren 5etik azaroaren 27ra bitartean, filmen proiekzioak, lantegia eta ikuskizunak eskainiko ditu Garbiñe Ortega zinegileak, Gasteizko Udalaren laguntzarekin, antolatzen duen proiektuak. Aurten, gainera, Udalak programaren aldeko apustua indartu du, eta proiektuaren aurrekontua iazko 4.000 euroetatik aurten 20.000 eurokoa izatera pasa da, udaberrian eta udazkenean bi hilabeteko ziklo bana egiteko.
Montehermoso kulturunea zikloaren egoitza izango da, eta edizio honetan, orain arteko publikoa fidelizatzeaz gain, publiko zabalago batengana iristea izango da asmoa. Horretarako, bestelako ekintzak antolatu dituzte, familiak eta gazteak kontuan hartuz. Hain zuzen ere, azaroan arreta berezia emango zaio animaziozko zinemari.
Orotara zazpi filmen proiekzioak, lau lantegi eta lau ekitaldi berezi antolatu dira. Zikloari hasiera emateko, esaterako, Carolina Campos eta Marcia Lança artista portugesek, Azala sorkuntza espazioaren laguntzarekin, landu duten Nome performancea eskainiko dute, urriaren 5ean, 19:30ean, Montehermoson.
Filmen proiekzioak
Urriaren 9an hasita, zazpi ikus-entzunezko ikusteko aukera izango da, Montehermoso jauregiko Ortuño aretoan (19:30ean). Hauek dira programatutako filmeak:
- TABU. Miguel Gomes. 2012. Portugal, Alemania, Brasil, Frantzia, Espainia. 118 min. Urriaren 9an.
- TAXI TEHERAN. Jafar Panahi. 2015. Iran. 82 min. Urriaren 16an.
- LA MUERTE DE LUIS XIV. Albert Serra. 2016. Espainia, Frantzia, Portugal. 115 min. Urriaren 23an.
- ANTES SI, AHORA NO. Sang-soo Hong. 2015. Hego Korea 121 min. Urriaren 30ean.
- LA BELLA DURMIENTE. Adolfo Arrietta. 2016. Frantzia, Espainia. 82 min. Azaroaren 6an.
- EL ABRAZO DE LA SERPIENTE. Ciro Guerra. Kolonbia 2015. 125 min. Azaroaren 20an.
- NIÑATO. Adrian Orr. 2017. Espainia. Azaroaren 27an.
Era berean lau lantegi eskainiko dira: Zerez egina dago zinema? Haustea ulertzeko, Clara Sanchez-Dehesak gidatua; Istorio bizidunak, 7 eta 15 urte bitartekoentzat; Mundu pausatuak, stopmotion animazioa baliatzen duen irudi bizidunaren aurkikuntza, narratiba grafikoari, zinemari eta animazioari buruzko lantegia, 16 urtetik gorakoentzat; eta Zinema-muntatzeari buruzko lantegia: muntatze-gelaren esperientzia, Ana Pfaff irakaslearekin.