Azken asteetako negoziaketen ostean, Gasteizko udal-gobernuak eta PPk itun fiskala lortu dute, 2018an zerga, tasa eta prezio publikoen igoera arautuko duena. Itziar Gonzalo Ogasun zinegotziak eta Leticia Comeron PPko bozeramaileak gaur aurkeztu dituzte akordioaren zehaztasunak. Comeronen esanetan, "Gasteizko familiek, autonomoek eta enpresek zerga gutxiago ordainduko dituzte, baina aldi berean, Udalak diru-sarrera gehiago izango ditu. Hala, gasteiztarrei presio fiskala gutxitzea lortu dugu".
Besteak beste, ibilgailuen zerga %2,5 jaitsiko da, eta zaborren eta uraren tasak izoztuko dira. Era berean, etxebizitzaren gaineko zerga (OHZ) bere horretan mantenduko dute, eta zerga hau neurtzeko sistema berria ezarriko du Udalak; honi esker, 837 familia ugarik hobariak jasotzeko aukera izango dute.
Aldiz, kirol instalazioak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tarifak %6 igoko dira, eta gainerako tasa eta prezio publikoak eguneratu egingo dira, KPIren %2ko igoera aintzat harturik.
Enpresei dagokienez, ekonomia-jardueren gaineko zerga (EJZ) izozteaz gain, %50eko hobaria aplikatuko zaie milioi bat eurotik bi milioira bitartean fakturatzen duten enpresa txiki eta ertainei. Gainera, OHZn %50eko hobaria gehituko da, eguzkitik sortutako energiaren edo beste energia berriztagarriren baten ustiapen termiko eta elektrikorako sistemak instalatzen diren higiezinen titularrentzat. Irekitze- eta jarduera-lizentziaren tasa izoztu egingo da, baita biltzar-ekipamenduak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasak ere.
Zerga batzuk jaitsi eta beste batzuk izoztu arren, diru-sarreren aurreikuspenak, aurreko urtekoaren aldean, 600.000 euro gora egingo duela adierazi du Udalak, "Urtaranen gobernuak negoziazioaren hasieratik jarria zuen baldintza betetzen delarik".
Oposizioa, itunaren aurka
EH Bildu eta Irabazi, ordea, ez datoz bat udal-gobernuak esandakoarekin, eta itun fiskalaren aurka agertu dira. Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak Urtaranen "kontraesanak" nabarmendu ditu; araudi fiskala negoziatzeko hasieran ezarri zuen marra gorria diru-sarreretan murrizketarik ez egotea izan zen, baina orain alkateak atzera egin duela esan du. "Urtaranek gezurra esan du, eta agerian utzi du gehien inporta zaiona, akordioa lortzea baino, norekin adostea izan dela". Hala, PPk eta EAJk lortutako ituna gasteiztarrentzat ez dela ona adierazi du Larrionek: "bi alderdien interesen araberakoa da soilik".
Irabazi taldeak ere gogor kritikatu du 2018rako zergen ituna, eta hiriko zerbitzu publikoak arriskuan jartzen dituela esan du, "Udalak izango dituen diru-sarrerak murrizten dituelako". Horrela, EH Bilduk salatutakoarekin bat egin du, eta Urtaranek bere hitza ez duela bete gaineratu du.