Gasteiztarrek aukeratuko dute, 60 proposamenen artean

Anakoz Amenabar 2017ko ira. 22a, 13:24

Hainbat egitasmoren artean, Ospitale plaza berritzekom proposamena egin dute. / E. Anda

Besteak beste, Gasteizko Euskararen Mapa edota eraztun berdea osatzea galdegin dute herritarrek.

Urriaren 9tik 22ra bitartean, 60 proiekturen artean aukeratu ahal izango dute herritarrek. Gasteizen erroldatuta egotea eta 16 urte baino gehiago izatea dira horretarako baldintzak. Guztien artean, hiru bozkatu daitezke.

Gasteiz Hobetuz egitasmoaren bitartez, aurrekontu parte-hartzaileetarako 170 proposamen aurkeztu dituzte herritarrek, eta 60ren artean aukeratu beharko da orain; Udalak "bideragarri" izan daitezkeenak aukeratu ditu. Hala, 2018 eta 2019ko aurrekontuetan aintzat hartuko dira proiektuak, horientzako hiru milioi euroko aurrekontua bideratuta.    

Proposamenen artean, besteak beste, Zabalgana eta Armentia arteko eraztun berdea osatzeko egitasmo bat eskatu dute, Foruen plaza irisgarri egiteko plana, alde zaharrean Tonucci pedagogoaren filosofiari jarraiki haurrentzako jolastoki bat prestatzeko egitasmoa, Santo Domingo plaza eraberritzea, edota Aldabe gizarte etxearen lehenengo solairua handitzea galdegin dute.

Edukiaren arabera, bost arlotan banatu dituzte proposamenak:  Gasteiz berdea, aisialdi eta topaketarako guneak, hiri seguruagoa, hezkuntza eta sentsibilizazioa, eta eraberritze lanak. Baina, hauek gertutik ezagutzeko, irailaren 28, 29 eta 30ean eta urriaren 1ean Europa jauregiko Olarizu aretoan erakusketa bat paratuko dute, eta proiektuen proposatzaileek aurkezpenak egin ahal izango dituzte. Aurkezpen horiek grabatu egingo dira, Udalaren webgunean ere kontsultatu ahal izateko.  

Azkenik, bozketa urriaren 9tik 22ra arte egingo dute, online eta aurrez aurre, herritarrei laguntzeko bulegoetan.

2016an bozkatutakoak

Udaletik jakinarazi dutenez, 2016an bozkatutako proposamenen artean, bi gauzatzen ari dira dagoeneko: emakumeentzako etxe inklusiboa eta txakurrentzako espazio bat. Bost proiektu lehiaketara atera dira, eta esleitzeko fasean daude: jolasguneak Borinbizkarra eta Elexalden, Konstituzio plaza irisgarriagoa egitea, bizikleta gordelekua, parkour parkea eta artista amateurren ikuskizunak sustatzeko deialdia. Bost proiekturen lehiaketarako baldintzak prestatu dira, eta lizitazio fasean daude: Errota kaleko birmoldaketa, bidegorriak erdialdean, hiri baratzeak, Honduras kaleko bizikleta trafikoa arautzea  eta eraztun berdearen irisgarritasuna hobetzea. Eta beste bi proiektu hasiera fasean daude: Adurtzako frontoia estaltzea eta Latinoamerikako biribilgunea lurperatzea. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago