Komunikabideen muinera

Erredakzioa 2017ko ira. 15a, 16:03

Irailaren 18ra arte eman daiteke izena tailerretan, Hala Bedi irratian. / H. Bedi

Irailaren 23rako Izan Media tailerrak antolatu ditu Hala Bedi irratiak; bideogintza, irratigintza, argazkigintza, kartelgintza eta prentsaren inguruko saioak egingo dituzte Oihaneder Euskararen Etxean.

 

Izan Media herri komunikazio tailerrak antolatu ditu Hala Bedi irratiak, beste behin. Oihaneder Euskararen Etxean egingo dituzte, egun osoz, hilaren 23an. Herri mugimenduak zein norbanakoak komunikazioaren arloan ahalduntzea eta, bide batez, Hala Bediren proiektu komunikatiboan inplikatzea dute helburu, antolatzaileek azaldu duten moduan. "Komunikabide handiek jartzen dituzten gero eta traba handiagoei aurre egiteko hazia ereitea da helburua". 

Edukiei artean, irratigintza, argazkilaritza, kartelgintza, bideogintza eta prentsa/sare sozialak landuko dituzte.

Kartelgintzari dagokionez, alor horretan lehenengo pausoak emateko aukera izango dute parte-hartzaileek goizean zehar. Erreminta ezberdinek eskaintzen dituzten aukerak ikasi eta askotariko kartelak egiteko aukera izango dute.

Bideogintza tailerrean, bestetik, ikusentzunezko proiektu bat sortzeko oinarriak emango dituzte, gero bakoitzak garatu beharrekoak. Irudien eta soinuen grabazioaren oinarrizko teoria jaso ostean, praktikara pasako dira.

Irratigintza saioan ahozkotasuna, irrati mahaiaren erabilera eta  audio edizioa landuko dituzte. Eta argazkilaritzan, berriz, oinarrizko printzipioak jaso eta kamera digitala erabiltzen ikasiko dute.

Azkenik, prentsa eta sare sozialen atalean, herri mugimenduaren  praktika politiko eta komunikatiboa hobetzeko hainbat gako emango dituzte, eta herri mugimendutik prentsarekin harremana nola kudeatu ikasiko dute.

Besteak beste, Imanol Miranda, Lander Arbelaitz, Alba Fernandez, Iraide Mezo, Axier Lopez, Aimar Cordero, Gaizka Amondarain eta Raul Choren izango dira irakasleak jardunaldiotan.  

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago