Kataluniako erreferendumaren kanpaina hasierarekin bat, hitzaldia eskaini du Anna Gabriel CUPeko legebiltzarkideak Gasteizen. Aldabe gizarte etxeko aretoa bete duten herritarren aurrean, urriaren 1eko galdeketa "independentisten nahiaz haragoko erronka" dela nabarmendu du: "Estatu osorako erronka demokratizatzailea da, bertako herri eta langileena".
Erreferenduma bitarteko egunak "normaltasun demokratikoz" igaroko ez direla izango esan du, baina bide hori herritarrei hitza emateko "indarrak metatzeko" garrantzitsua izango dela. "Ez da gauza bera izango desobedientzia instituzional dosi garrantzitsu batzuekin heltzea, edo estatuaren errepresioagatik beldurrak lekua irabazten badu". Urriaren 1aren ostean ere Espainiako Gobernua negoziatzera eseriko ez dela uste du, eta orduan "oldarraldiari eustea" izango da aukera. "Munduak ikusiko du Katalunian badela gehiengo sozial eta politiko bat Bai-aren alde dagoena, eta eskubide politiko horiek ukatzen dituen estatu bat dagoela. Konbentzituta gaude oldarraldi honi eusten badiogu, atzera bueltarik ez duten elementuak izango direla. Eusten diogun egun bakoitza pauso bat gehiago izango da demokrazian, Espainiako estatuari eta haren demofobia guztiari irabazi diogun zati bat gehiago".
Erreferendumaren "bermeez" galdetuta, azken egunetan bermeak zalantzan jarri dituztenak aipatu ditu, jendearen barre artean: "Beharbada EAJri galdetu behar diogu, erreferendum bat bermeekin nola antolatu badakielako". "Ohiko" hauteskundeak ez direla izango berretsi du Gabrielek, eta hortaz, ezohiko neurriak eta bideak hartu direla. "Kontziente ginen estatuak horrela jokatu behar zuela, eta logika bakarra aurreikustea izan da. Ezin gara erasoaldi errepresiboen atzetik joan, baizik eta aurre hartu".
Espainiaren "legalitatea" defendatzen dutenei, urriaren 1eko erreferenduma "erronka demokratizatzailea" dela esan die. Pablo Iglesias Podemoseko eledunak esandakoei erreferentzia eginez, "zer legalitate" defendatzen duen galdetu dio: "Bizirik gaudenon %20ak bozkatu duten Konstituzio batetik datorren legalitatea? Espainiako Konstituzioa hildakoek bozkatu dute. Egunero gure azalean 78ko erregimenaren ondorioak nabaritzen ditugunok, ez diogu babesik eman Konstituzio horri. Nola bapatean bihurtzen gara legalitate horren defendatzaile?". PP kaleratzea helburua izan behar dela esan du Iglesiasek, baina "pauso handiagoa" eman behar dela uste du Gabrielek: "PP botatzea txiki geratu zaigu. Helburua aldaketa erradikalak egitea da, gutxi batzuenak izango ez diren gobernuak nahi baditugu behintzat; masiboki bozkatzea izango da PPri eratzuteko modurik onena".
Udaltzainak, hitzaldian
Hitzaldia amaitzear zela, Gasteizko udaltzainek eragotzi dute. Aretoa hustu eta CUPeko ordezkaria identifikatu dute, elkarrizketa gidatzen ari ziren kazetariekin batera. Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak jarri zuen atzo hitzaldiaren kontrako salaketa Gasteizko epaitegietan, ekitaldia legez kanpokoa dela esanez.