Sinergia gunea abiatu dute Gasteizen, gazte sortzaileen elkargunea izateko asmoa duen ekimena. Hiru dira proiektu honen sortzaileak: Mikel Buruaga, Iñaki Landa eta Gindi Auzmendi.
Gasteizko kultura alternatiboaren mapa sortu zuten hirurek, lehenbizi, hiriko kulturaren egoeraren inguruko hausnarketa bat konpartitzen zutelako: "Kulturaren esparruan ikusarazten ez ziren leku asko zeudelako, bestelako kultura bat ari zelako loratzen", azaldu du Auzmendik. Proiektuan lanean ari zirela konturatu ziren gazte sortzaileen artean ere ez zirela ezagutzen, "ez zeudela hibridaziorako kanalak, bideak falta zirela". Horregatik abiatu dute Sinergia gunea.
Judimendin, aurkezpena
Kalean aurkeztuko dituzte gazteek euren proiektuak, Judimendi parkean hain zuzen, irailaren 30ean: "Kaleak kulturarako berreskuratu nahi ditugulako, kalean, Judimendiko parkean elkartzea erabaki dugu". Hamabost proiektu izango dira guztira. Besteak beste, ekimenaren parte dira Cristina Bereciartua kudeaketan aditua, Ane Gebara ipuin kontalaria, Instagram Jo! Fest diseinu jaialdiko antolatzailea, Fill in grafitigilea, Irantzu Lekue artista eta horma-irudigilea, Sumendi gune autogestionatuko kideak, Iker Fidalgo arte kritikaria, Eider Bernaola argazkilaria, Cerdas fanzine egileen kolektiboa, Beñat Goitia musikaria, Natalia Albeniz artista, Reina Ginolanda idazlea, Gasteiz Harcore Crew-eko kideak edo Ibai Jammin. Denak arabarrak dira, eta guztiak 18 eta 33 urte bitartekoak.
Hilaren 30ean, antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, hamar minutuko aurkezpenak egingo dituzte. "Hasierako aurkezpen pertsonalen ostean, proiektuak azkar aurkeztea nahi dugu, ondoren antolatu dugun marianito kulturalean hitz egiteko tartea dutela bermatzeko. Gertakari bat minutu batean azaldu badaiteke, proiektu bat zazpi minutuan aski ongi azaldu daiteke".