Luis Aranburu musika eskolak hamaika ekitaldi eta jarduera antolatu ditu ikasturte honetan, 25. urteurrena ospatzeko. Azpimarratzekoak dira bereziki Sabin Salaberrik, Pedro Sarmientok eta Juanjo Menak eskainiko dituzten solasaldi irekiak. Hain zuzen, urriaren 2an, urtarrilaren 8an eta maiatzaren 19an izango dira aipatu solasaldiak, baina oraindik ez dute zehaztu bakoitzean hizlari nor arituko den.
Irailaren 13an ireki dute Gasteizko musika eskolaren zilarrezko ezteiak ospatzeko egitaraua; inaugurazio gala egingo dute, 19:00etan, Europa biltzar-jauregiko Maria de Maeztu aretoan. Urriko solasaldiaren ostean, azaroan etorriko da Jazz Uhinak kontzertu berezia, Jorge Reyes Quartet taldearen eskutik. Abenduaren 22an, Flashmob ikuskizuna aurkeztuko dute, eta 2018. urtea zabaltzeko egingo dute bigarren solasaldia, eta Musika eskolako sarrerako atearen irudi berriaren aurkezpena, Arte eta Diseinuko Eskolarekin lankidetzan.
Ondoren, hilabetero, ekitaldi bat antolatu dute, ekaina arte.
Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estibaliz Cantok eta Eskolako zuzendari Paco Galvek adierazi dute urte hauetan musika eskolak goraka egin duela etengabe, bai ikasle kopuruan bai eskainitako ikasgaietan. Cantok gaineratu du aurten egiten ari diren "apustuari esker" matrikulazioaren markak hautsiko dituztela.
Urteurrenaren harira antolatu diren ekitaldien inguruan, kultura zinegotziak azaldu du omenaldia egin nahi dietela urte hauetan Luis Aranburutik pasatu diren ia 18.000 lagunei.